Aulkitik

Burgosen aurka ezin berdinketatik pasa

Erabiltzailearen aurpegia Maria Revilla 2025eko otsailaren 19a

Berriz ere berdinketarekin egin genuen topo asteburu honetan, eta jada zazpigarren berdinketa dugu jarraian. Aste guztia lanean eta gogor entrenatzen egon ondoren larunbata iritsi zen, partida eguna.

Burgosen aurka zen partida eta Aritzek, gure entrenatzaileak, esan bezala urte guztian eduki dugun partida zailenetako bat izango zen.

Esan bezala larunbata iritsi zen, eta gure ohiko orduan elkartu eta denak batera bilduz aldageletara sartu ginen. Azkenaldian, taldekide ugarik lesio eta muskularki arazoak edukitzen ari direnez, Lander fisioak lan handia izan zuen aste guztian zehar. Honen harira askok jantzi eta fisioarenetik pasa behar izan zuten.

Ondoren, Aritzen azalpenak entzun eta partida hasi zen. Lehenengo zatiari dagokionez, gogotsu atera ginen. Bi taldeek gogor jokatu genuen eta nahiko parekatua izan zen. Hainbat aukera izan genituen, baina halako batean, Tolosaren gola iritsi zen. Oihanak Ainarari pase on bat emanez, honek izugarrizko gola sartu zuen! Minutu batzuen ondoren Burgosek partida berdindu zuen.

Atsedena iritsi zen, eta berriz ere, Aritzen azalpenak entzun eta bigarren zatia hasi zen. Golik gabeko zatia izan genuen, baina markagailuan aurretik jartzeko aukera askokoa. Azkeneko minutuetan Norak gola sartu zuen baina arbitroak ez zuen baliozkotzat jo. Arbitroak partida amaitutzat eman zuen eta beste puntu bat gehitzen dugu aurtengo denboraldian.

Bestalde, Eneritzek lehenengo zatian zelaia utzi behar izan zuen belaunean sentitutako minaren ondorioz. Espero dezagun dena susto batean geratzea!

Nahiz eta partida asko joan emaitza berdinak izaten, ziur nago lanean gogor jarraituz garaipena iritsiko dela.

Aupa Tolosa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!