Aulkitik

Indarberritzeko unea iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Tubia 2024ko abe. 18a, 18:00

Tolosan asteburu berezi bat izan arren, gogotsu abiatu ginen igande arratsaldean Usabalera denboraldiko lehenengo zatiari amaiera ezin hobea emateko prest.

Urteko azkenengo partida izanda, gogo eta urduritasunez murgilduta txapelketako talde gogorrenetariko baten aurka borrokatzeko prest hasi genuen arratsaldea. Musikaz beteriko beroketa baten ondoren, Aritzen hitzak entzun eta hasiera eman zitzaion gure azkenengo neurketari.

Hasiera bikaina eman genion partidari, erdiko sakearekin hasi eta minutu gutxira heldu baitzen lehenengo gola Leyreren eskutik. Bagenekien partida osoa aurretik geratzen zela, horregatik, gure entrenatzailearen «burua hotz, bihotza bero» hitzak kontuan hartuta, hiru puntu horiengatik borrokan jarraitu genuen. Gogor eutsi genion aurkako taldeko erasoei baina akats baten ondorioz jaso genuen lehenengo gola. Berdinketarekin joan ginen atsedenaldira, Aritzen aholkuak entzuteko eta partidari aurre egiteko asmoz.

Bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, akzio arriskutsu baten ondoren falta bat kontran jaso genuen. Arriskua agerian egon arren, berdinketari eustea lortu genuen. Partidarekin jarraituz, aurkako taldearen mugikortasunak ez zizkigun gauzak batere erraz utzi. Eraso batzuk jaso eta errebote batetik etorritako baloiak eman zien garaipenaren esperantza Arratiako jokalariei bigarren gola lortuz. Handik minutu gutxira, Sarak lapurtutako baloi bat Ainararen hanketara heldu eta jokaldi izugarri batek eman zion berdinketaren gola Tolosari.

Berdinketarekin amaitu zen partida, berriro ere etxean puntu bat lortuz. Hilabete bateko atsedenaldia aprobetxatzeko ordua iritsi da, Gabonak familia eta lagunekin pasatzeko ordua. Hurrengo urterako indarberrituta iristeko unea, denboraldiaren bigarren zatiari hasiera bikaina emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!