Aulkitik

Bi zati guztiz ezberdin

Erabiltzailearen aurpegia Nora Galarza 2024ko azaroaren 21a

Aurreko astean punturik lortu ez genuela jakinda, gogotsu joan ginen Iruñera, Mulierren aurkako partida jokatzera.

Larunbatean 15:15ean elkartu ginen Usabalen, Iruñera abiatzeko prest. Bagenekien partida gogorra izango zela, baina gogotsu geunden, aurreko asteko emaitza ez baitzen guk nahi bezalakoa izan.

Entrenatzailearen hitzaldia entzun eta 18:00etan eman genion hasiera partidari gogo handiz. Lehen zatia nahiko berdindua egon zen, bi taldeok eduki genuen baloiaren kontrola, eta aukerak izanda ere, golik gabeko berdinketarekin amaitu zen lehen zatia.

Bigarrena guztiz ezberdina izan zen. Hasi eta guk eduki genuen baloiaren jabetza; horrelaxe izan zen, handik gutxira etorri baitzen Garaziren lehen gola. Baita bigarrena ere, Martak jaurtiketa bota eta zutoinean eman ostean, Eneritzek buruz errematatu eta barrura sartu zenean. 2-0 gindoazen irabazten; hala ere, denbora gutxian Mulierren gola etorri zen. Partidaren amaieran Mulier nagusitu zen eta nahiz eta epailearen erabakiarekin ados ez egon, haien bigarren gola iritsi zen azken momentuan.

Hurrengo larunbatean Bilbao Artizarrak-en aurka izango dugu lehia, eta gogorra izango den arren, guztia eman eta hiru puntuak etxean geratuko direlakoan nago.

Animo neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!