Aulkitik

Bi asteren buruan, garaipena berriz ere

Erabiltzailearen aurpegia Irene Etxaburua 2024ko aza. 6a, 17:00

Tolosarren hamaikakoa ostiraleko partidan.

Ekaitzaren ostean barea datorrela diote batzuk, baina nik nahiago dut egunerokotasuneko lanean jarraitu eta egiten ari garen hobekuntzan sinistu.

Azken bi astetako emaitzak gustukoak izan ez arren, asteroko lanean jarraitu dugu emaitza horiek alda zitezen, eta aste hau ez da gutxiago izan. Ostirala jai izan bazen ere, bi entrenamenduetan gogor entrenatu genuen asteburuko partidan burua jarriz.

Zubiko azken eguna lotarako aprobetxatu nahi bagenuen ere, goizean goiz Usabalen elkartu ginen Santanderra doan bidea hartuz. Bidaia nahiko luzea izan arren, karta jokoei esker bidaia nahiko azkarra egin zitzaigun, bat edo bestek taldekideak tranpetan harrapatu aurretik iritsi ginen zelaira.

Sailkapenari begiratuz gero, partida garrantzitsua genuela bagenekien, bertan lortutako hiru puntuek bultzadatxo bat ematen lagunduko bai ziguten. Astero legez, musikaren doinuan aldatu eta entrenatzailearen hitzak entzutearekin batera ezpatak zorroztu genituen. Ondo zorroztuak gainera, 19.segundoan iritsi bai zen gure lehen gola, arbitroak txistua ahotik kentzen zuela adierazi behar izan zuen Oihanaren gola, eta a ze gola! Gure azkoitiarrak ez jakin arren nola sartu zuen gola, sekulakoa izan zen. Lehen minutuko gol horrek lasaitasun handia eman zigun lehen zati osoan, eta baloiaren jabetza edukitzea lortu genuen, eraso handirik sortu gabe, baina atzean arriskurik hartu gabe. Atsedenaldira 0-2koarekin joatea lortu genuen, Nagore eta Ainararen eginiko jokaldi itzel baten ostean etorri zen Ainararen gola.

Eguzkiak berotzen jarraitzen zuen, eta nahiz eta markagailua alde izan bagenekien lan egiten jarraitu behar genuela. Bigarren zatian, eurak maila hobetu bazuten ere, guk baloiaren jabetza eduki genuen eta nahiz eta azken minutuetara sufritzen iritsi, azken minutuan gure penalti jaurtitzaile espezialistak etxeko lanak ondo egin eta taldearen hirugarrena sartu zuen, 1-3 emaitzarekin amaituz partida.

Dinamika onean jarraitzeko lanean jardungo dugu aste honetan, asteburuan Mulier talde nafarra bisitatuko dugu beraien etxean. Badakigu ez dela partida erraxa izango, baina tira, fio naiz ezpatak ondo zorrozten baditugu aste guztian zehar, seguru emaitza ona lortuko dugula.

Bide batez eskerrak eman nahi dizkiegu astebururo astebururo taldea animatzen duten jarraitzaileei eta batez ere etxetik kanpo gaudenean etxean bezala sentiarazten digutenei. Zuek ere taldearen parte garrantzitsu zarete. Segi harmailak betetzen eta talde urdina animatzen.

Aupa Tolosako Neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!