Igandean 16:00etan jokatzen genuen partida Athletic-en aurka. Dinamika on batetik gentozen eta nahiz eta bagenekien aurkari gogorrak genituela aurrean, gogotsu irten ginen Lezamarantz.
Uste baino bero handiagoa egiten zuen, eta horrek hasiera batean ezustekoan harrapatu gintuen arren, guk gure indar guztiak atera eta hasiera eman genion partidari.
Partidaren hasieran bi taldeak pareko ibili ginen. Nabaria zen aurkari sendoak genituela parean, baina ez ginen beraien aurrean beldurtu, eta guk ere baloia sareratzeko aukerak eduki genituen. Hala ere, 33. minutuan beraien lehen tantoa iritsi zen; injustua hitzarekin lotu genezake gol hori; izan ere, juxtu aurreko jokaldian guk sekulako aukera izan genuen beraien atean.
Bat eta hutsekoarekin joan ginen atsedenaldira; bero izugarria egiten zuenez, aldageletan indarrak hartu, eta berriro ere ekin genion partida jokatzeari. Markagailuan bat atzerago bagindoazen ere, lanean jarraitu genuen eta lan horren fruitu izan zen Leyrek sartu zuen gola. Talde guztiak sekulako esfortzua egin zuen partida bukaerara arte 1-1eko emaitza mantentzeko, baina 90. minutura iritsi baino lehen etxekoen bigarren gola iritsi zen korner batean. Hotz utzi gintuen gol honek eta oraindik buelta eman gabe geundela, beraien hirugarrena iritsi zen, jada luzapenean.
Emaitzak ez zuen egindako lana islatu, baina oraindik ere bide luzea dugu aurretik eta lanean jarraitu behar dugu hurrengo partidei begira. Larunbat honetan, erronka berri bat daukagu garaipena lortzeko Añorgaren aurka, 19:30ean Usabalen.
Aupa neskak!