Aulkitik

Gudari urdinak Burgosen

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Elorza 2024ko urr. 10a, 07:57

Ustez, Burgos eta inguruak lehortzat jotzen ditugu kolore berdearen paradisuan bizi garenok. Ba esaera zaharrak dioen bezala, usteak erdiak ustel!

Igande eguerdian, abiatu ginen gudari urdinak, euskaldunontzat plaza zaila bezain oldarkorra den Burgos konkistatzera. Aurreko hau, azken bi urteetan, bertako zale batzuek euskaraz jokatzen dugulako eginiko irainengatik diot. Baina partidaren nondik-norakoak idazteko tartea dugunez, utzi dezagun aurreko hau beste baterako.

Aurrean, talde sendoa bezain gogorra zelaian. Azken urteotan, beti goialdean amaitu dute kategoria exijente honetan. Osagai gutxi balitu pastel honek, egundoko euri jasak eman zigun ongietorria, zerua gainera erortzearen adibide bikaina; hezurrak blai genituela bukatu genuen igandeko konkista.

Joan zen partida irabazita eta azken asteetan gureganatutako sentsazio txukunekin zelairatu ginen berdegunera. Jokalariak, kontzeptuak ongi barneratzen ari dira eta nabari da. Gainera, lehenengo egunetik, hauetako bakoitzak, zelaian dena emateko duten grina arma indartsuena hizpide genuelarik.

Lehenengo zatiko 20 minutuetan, aurkaria baino hobeto jardun genuen. Gutxika jokoan nagusituz, aukera bat edo beste izan genuen. Arerioak, atzean arrisku handiak hartuz, presioa oso altua botaz, zuzenago jokatzera behartu gintuen. Ondorioz, deseroso sentitzen hasi ginen minutuak aurrera joan ahala, eta horrela atsedenera sufritzen iritsi ginen.

Atsedenaldian, indarrak eta konfiantza gureganatu ondoren, ezpatak zorroztuta zelairatu ginen gudaren bigarren atalaren bila. Lehen zatian gertatu zen moduan, aurkaria baino gehiago izan ginen eta hiru aukera garbi sortu genituen, baina markagailua bere horretan geratu zen, pena.

Ekaitzak, gero eta gogorrago astintzen zituen bazterrak, berdegunea erabat kaltetuz, eta ondorioz gure jokoa ere kaltetu zuen. Baloi galtze batzuek beraien kontraeraso arriskutsuak ekarri zizkiguten, eta arestian gertatu zen bezala, sufritzen bukatu genuen azken ordu laurdena.

Berdinketa amaieran, puntu baliotsua zelai arriskutsu batean eta atea hutsean. Beste behin goraipatzekoa, gure gerlariek eginiko esfortzua, beraietaz harro egon gaitezke. Izan ere, itzel defendatzen dute txoko urrunetan herri honen armarria eta izena. Ziur nago jokalari hauei odola ateratzean, kolore gorria beharrean odol urdina ateratzean zaiela!

Zuetaz harro!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!