Aulkitik

Bolue 3

Erabiltzailearen aurpegia Aiheko Uria 2024ko ira. 11a, 18:58

Hirugarren mailan beste urte batez egingo dugun honetan, Bolue 3 zelaian jokatzea egokitu zaigu ligako lehen partida etxetik urrun.

Bizkerre beti izan da aitzindari nesken futbolean eta Bizkaian Athleticen atzetik talde sendoenetakoa izaten da denboraldi oro. Iaz 2. mailan jokatu ondoren mailari ezin eutsi, eta 3. mailara jaitsi den talde indartsuarekin hastea egokitu zitzaigun Espainiako Federazioak egiten duen denboraldiaurreko zozketan.

Denboraldiaurrea aipatu dut eta ezin horren inguruan idatzi gabe geratu. Beti izaten dira zailak denboraldiaurreak: noiz hasi, zenbat egun sartu astean, jokalarien oporrak, kargak, lesioak, kopuruak... Gurea bereziki zaila izan da aurtengoa.

Berrikuntza asko eta aurpegi berri ugari. Aurreko denboraldia amaitzean urte askoan urdinez jokatu duten jokalari zein pertsona bikain batzuek agur esan zioten jokalari izateari eta beraien hutsuneak betetzen lan handia izan dugu. Kategori exijentea da 3. maila, Añorga eta Oiartzun bezalako goxokiak dituzte gurera etortzeko eskaintzen dizkiegun jokalari askok, eta Tolosagatik apustua egitea bigarren aukera izaten da batzuentzat. Hala ere, aurkitu ditugu Tolosa lehen aukera oso argi zuten jokalariak eta taldea indartzera etorri zaizkigun futbolari horiei eskerrak eman nahi dizkiegu, zein bigarren taldetik beti esku bat botatzeko prest dauden jokalariei ere, kalitatezko entrenamenduak egitea ahalbideratzen ari baitira.

Entrenatzailea ere berria, eskarmentu handikoa futbolean baina jokalariak ezagutzeko astirik gabe.

Horrelaxe aurkeztu ginen Boluen, Getxon. Urduritasuna, kezka eta zalantzak nire buruan, arestian aipatutako zailtasun koktel guzti horien zaporea dastatzeko irrikaz. Lehen zatia biribila egin genuen eta eroso sentitzen ginen zelaian, gogor baloirik gabe eta balio duguna erakusteko gogoz. Hutsean amaitu genuen lehen zatia eta atsedenak ez gintuen gehiegi lagundu. Bigarren zatia hasi eta berehala jaso baikenuen Bizkerreren lehen gola. Momentu kritikoa, horrelakoetan kolpea handia izaten da eta ez da erraza izaten indarrak ateratzea geratzen diren minutuetarako, baina taldea ez zen kikildu eta bere aukeretan erabat sinisten jarraitu zuen. Aldaketek ere bikain funtzionatu zuten eta azken minutuan bizkaitarren atzelari batek area barruan baloia eskuz ukitu ondoren etorri zen guretzako saria. Irantzu Albizurik 11 metrotatik berdinketa ezarri zuen markagailuan eta amaiera biribila eman genion larunbat arratsaldeari.

Hau hasi besterik ez da egin! Aupa Tolosa eta aupa zuek!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!