Aurreko astearen bukaeran inork espero ez zuen notizi bat jaso genuen, azken partida Berazubin jokatuko genuela. Ideiarekin gustura ez baginen ere, bakoitzak bere onena eman zuen notizi horrek ez izorratzeko gure eguna. Gainera, aste hau ez da beste edozein aste bezalakoa izan, aldageletan zein entrenamenduetan urduritasuna, tristura, poza... emozio asko nabari ziren, inoiz baino gertuago baitzegoen bukaera. Denboraldian zehar momentu asko bizi izan ditugu, momentu onak, txarrak eta beste batzuk ikasteko balio izan dutenak, eta hauek denak talde moduan igaro ditugu, jokalari zein talde teknikoak, denak batera.
Etxeko zelaia aldatu bagenuen ere, partida aurreko kafearen ohitura ez genuen alde batera utzi, eta lauak inguruan Iurren elkartu ginen denok. Kafea hartu eta aldagelara joan ginen eta hara, sorpresa! Taldea uzten duten jokalari batzuk beraien argazkiak aurkitu zituzten bertan, urte hauetan emandako guztiaren eskertza moduan. Denbora luzez taldean egon badira ere oraindik bada norbait bikiak bereizten ez dituena... eta taldekideei abizen berriak jartzen dizkiena [kar, kar]. Hala ere ilusio berezia egin zigun denei.
Emozioak gainezka zirela hasi ginen aldatzen, Raulen azken hitzak entzun eta berotzera atera ginen, elkarri indarrak emanez eta azken partida garaipen batekin bukatzeko asmoz. Aurrean genuen taldea Nafarroako Berriozar zen; nahiz eta taldeak matematikoki maila galdua izan, bagenekien ez zela partida erraza izango eta zelaiak berak ere ez zituela gauzak erraz jarriko.
Partida hasi aurretik, bi taldeek elkarrekin Patri eta Rauli merezi zuten pasilloa egin genien. Raulek aurten utziko du taldea, eta talde guztiaren izenean eskerrik goxoenak eman nahi dizkiogu bere pazientzi eta bizipen guztiengatik: mila esker Raul, hau beti izango da zure etxea! Bestetik, Patrik aurten gurekin jarraitzen badu ere, lehengo urtean utzi zion jokatzeari eta ohiko moduan taldeko kamiseta bat oparitu genion denen partetik, elkarrekin pasatako urte guztiengatik.
Patriz aparte beste jokalari batzuk ere utzi zuten iaz, eta kamiseta jasotzera etorri ezin bazuten ere, ez ginen beraiekin ahaztu: mila esker Zuriñe, Ainhoa, Eneritz eta Mireia, zuentzat ere hau beti izango da zuen etxea.
Partidari dagokionez gauza gutxi; baloiaren jabetza gurea izan bazen ere, ez genuen asko asmatu atearen aurrean, eta 1-0koarekin amaitu zen partida, lehen zatiko gol bati esker; a zer gola Izarok sartutakoa. Eguraldia ere momentu batetik bestera asko aldatu zen eta horrek hasierako zailtasunak areagotu zituen. Baina aurretik aipatu moduan, talde lanari esker denboraldia hiru puntuekin bukatu dugu, eta hasiera batean jarritako helburua behar bezala lortzen!
Besterik gabe, mila-mila esker bihotzez aurten taldea uzten duzuen taldekideei. Plazera izan da zuek bezalako taldekideak edukitzea eta jokalari gazteentzat eredu izan zarete! Zuei, zaletuei, mila esker astebururo-astebururo taldea animatzen egoteagatik; zuekin dena errazagoa izan da, eta datorren denboraldian elkar ikusten jarraitzea espero dugu.
Aupa neskak! Eta mila esker!