Aulkitik

Oraingoan ere, esku hutsik etxean

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Rueda 2024ko mai. 2a, 11:00

Baloiaren jabetza gurea izan arren, 1 eta 2koarekin bigarren porrota jarraian etxean.

Larunbatean 15:30ean genuen Logroñesekin hitzordua. Nahiz eta datorren denboraldirako maila ziurtatuta izan, partida garrantzitsua zen, gu baino 2 puntu gehiagorekin zetorrelako aurkaria, eta aurtengo gure helburua sailkapenean ahalik eta goien geratzea denez, partida hau irabazteak sailkapenean gora egiteko aukera emango zigulako. Hori ez zen posible izan, ordea, 1 eta 2ko emaitzarekin hiru puntuak Logroñora joan baitziren.

Denboraldi guztian ari garen moduan, astean zehar gogor prestatu genuen astebururako partida. Joaneko partidan aurkariaren jokoa ezagutzeko aukera izan genuen; beraiek atzean sartu eta kontraerasoak baliatzen dituzte aurkariari min egiteko; beraz, gutxi gorabehera bagenekien zein egoerari egin beharko genion aurre. Hori dela eta, entrenatzailearen azken azalpenak entzun eta beroketa txukuna eginda irten ginen zelaira. Goizean zehar, eguraldi ezegonkorra izan genuen arren, zeru urdinarekin hasi genuen partida eta bi taldeak norbere jokoa egiten hasi ziren. Esan bezala, beraiek atzean sartu ziren guri baloia mugitzeko aukera emanez. Baloiaren jabetza gurea izan zen arren, eduki genituen aukerei ez genien probetxurik atera. 30. minutu inguruan, eguraldia erabat aldatu zen, zerua guztiz ilundu eta egundoko haizea hasi zen. Horrek, nahi ez bezala jolastera baldintzatu gintuen, haizearen ondorioz, baloia asko mugitzen zelako eta, tarte horretan, Logroñesen lehen gola iritsi zen. Beraien atezainak zelai erdi ingurutik falta atera eta, beste inork ukitu gabe, baloia sareetara joan zen. 0 eta 1eko emaitzarekin joan ginen aldageletara.

Bigarren zatia ere antzekoa izan zen. Baloiaren jabetza handiagoa izan genuen arren, kontraeraso batean bigarren gola sartzea lortu zuten. Gure kasuan, berriro ere aukera batzuk izan genituen arren, Elenak area kanpotik jaurtitako baloiak soilik lortu zuen sareetara iristea. Etxean bigarren porrot mingarria jarraian. Hori dela eta, asteko lanarekin gogotsu irtengo gara azken bi partidetan, bolada honi buelta emateko helburuarekin. Hurrengo astean Iruñeko Mulier bisitatuko dugu. Sailkapenaren goialdean dagoen arren, gogor borrokatuko gara hiru puntuak Tolosara ekartzeko.

Eutsi neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!