Larunbateko 14:00etan elkartu ginen taldekideak; tabernan kafetxoa eta eguzki pixka bat hartu eta aldageletara jaitsi ginen partida jokatzeko prestatzera. Entrenatzailearen hitzaldia entzun ondoren, hamaikakoa gogotsu atera zen berotzera zelaira. Partida hasi eta bi taldeak indarrez aritu ziren, baina minutuak pasa ostean beraiek hasi ziren baloia gehiago edukitzen. Nahiz eta guk ere markagailua igotzeko aukerak izan, ez genuen zorterik eduki eta Arratiakoak izan ziren lehenak gola sartzen. Emaitzari buelta ematen saiatu arren, epaileak zatiari amaiera eman eta 0-1ekoarekin joan ginen atsedenaldira.
Bigarren zatia ez genuen guk nahi bezala hasi; izan ere, segituan etorri zen aurkarien bigarren gola 48. minutuan. Hala ere, oraindik bagenuen denbora nahikoa bi gol sartu ahal izateko eta berdinketa lortzeko, baina baloia erditik atera eta 3 minutura iritsi zen beraien hirugarrena. Hotz harrapatu gintuzten bi gol hauek eta zaila ikusten genuen markagailuari buelta ematea; hala ere, ez genuen etsi. Etorri ziren hurrengo minutuetan bi taldeok eduki genituen aukerak, baina guk baloia ezin sareratu. Zoritxarrez, epaileak partidari amaiera eman baino minutu pare bat lehenago, gure taldekide Eider aldatu behar izan zuten lesioaren ondorioz. Animo Eider, ea lehen bai lehen berriro ere jokatzen ikusten zaitugun!
Hiru puntuak etxean geratzea lortu ez arren, hurrengo partidari begira gaude eta ziur astean gogor entrenatuz lortuko dugula garaipena.
Segi dezagun amaierara arte lanean. Aupa neskak!