Aulkitik

Bolada onari jarraipena emanez

Erabiltzailearen aurpegia Irantzu Albizuri 2024ko mar. 27a, 10:00

Joan den asteburuan Tolosako neskek azken asteotan izan duten sendotasunari eutsi diote, Bizkerre B taldearen aurka 1-3 irabaziz.

Bigarren garaipena jarraian, jokalariek ateari begira izan duten efizientzia eta defentsan izandako seriotasuna nabarmenduz, denboraldiaren amaierara finko iritsi da taldea.

Partidua Boluen jolastu zen, Getxon. Irabazi beharreko partida zela jakina zen, sailkapen aldetik aurkari zuzenak baitziren eta irabaziz gero aurretik jartzeko aukera baikenuen.

Partida hasi eta 20 minutura, korner batetik Eiderren burukadak baloia langara bidali zuen, baina Itxaso adi egon zen arean galdutako baloi hori sareetara jaurtitzeko. Hortik minutu batzuetara, taldearen minutu onei jarraipena emanez, Lorek alboko pase bat aprobetxatu eta buruz baloia sarera bultzatu zuen, bi eta hutsekoa utziz markagailuan. Lehen zatia amaitzear zegoela, taldeak intentsitate apur bat galdu zuen eta defentsak aldaratzea lortu zuen baloi bat jaso eta 2-1 utzi zuen markagailua, Getxoztarrak berriro partidan sartuz.

Bigarren zatia gogorra izan zen. Bizkerrek aldaketak egin zituen eta Tolosako areara gero eta baloi gehiago iristen hasi ziren, eta, horrela, amaierara arte sufrituko zen partida zirudien. Horren adibide korner baten erremateari Irati atezainak emandako erantzuna, markagailua mantenduko zuen txalotzeko geldiketa bikoitza eginez.

Amaierako momentuetan, 80. minutuan, Itxasoren gola iritsiko zen. Izarok jaurtitako korner bat aldaratzea lortu zuen haien defentsak eta ia angelurik gabe, Itxasok, bigarrenez, baloia sareetara jaurti zuen. Gehien behar zenean iritsi zen gola eta hortik aurrera lasaitasun puntu batekin amaitu zuen partida taldeak.

Amaierako minutuetan, Martak min hartu zuen orkatilan eta zelaia utzi behar izan zuen. Ezer ez izatea espero dugu, animo asko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!