Aulkitik

Indarra eta gogoa ematen duen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Lander Mujika 2024ko martxoaren 20a

Joan zen asteburuan Burgosen hiru puntuak utzi eta gero, taldeak gogoz ekin zion asteari, lana gogor eginez eta garaipen gosez. Asteburua heldu eta 14:15ean elkartu ginen Usabalen; entrenatzailearen hitzaldia entzun eta beroketak egitera irten ziren neskak.

Partida hasi orduko aukerak heltzen hasi ziren. Nahiz eta lehenak ezin sareratu, bederatzigarren minutuan Izarok area ertzean izandako falta bat gol bilakatu zuen. Lehen zatia nabaria izan zen urdinen nagusitasuna gorritxoekiko eta atsedenaldirako minutu gutxiren faltan heldu zen bigarren gola Loreren eskutik. Atsedenaldira 2-0 joateak konfiantzaz bete gintuen eta jokalariak gehiagoren gogoz zeuden. Atsedenaldian, Irati Zabala ordezkatuz Nahia Beldarrain zelairatu zen. Lehen taldearekin ez zuen edonolako debuta izan, atea hutsik mantentzea lortu baitzuen.

Bigarren zatia, lehenaren antzekoa izan zen, jokoan Osasuna baino gehiago izan baikinen eta aukerak sortzen jarraitzen genuen. Horri esker heldu ziren golak, hiru eta hutsekoa Lorek eginez, laugarrena Garazik eta eskutxoa osatzeko falta zena, Leyrek.

Garaipen honek indarra eta gogoa ekarriko digu datorren asteko partida prestatzeko eta Bizkerreren aurkako partidatik hiru puntuak Tolosara ekartzeko.

Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!