Aulkitik

Salamancatik esku hutsik

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Alkain 2024ko otsailaren 7a

Asteburu honetan denboraldiko bidaiarik luzeena egitea tokatzen zitzaigun, zehazki Salamancaraino. Partida 16:00etan hasten zen, baina Tolosatik 08:00etan abiatu ginen autobusean kuxin, manta eta guzti eramanez.

Bidaiaren lehen hiru orduak deskantsatzeko aprobetxatu genituen gehientsuenok eta 12:30ean Tordesillasen gelditu ginen bazkaltzeko. Tripak bete eta berriro ere bidaiari ekin genion, oraindik ordubete gelditzen baitzen Vicente del Bosque futbol zelaira iristeko.

14:30ak aldera heldu ginen eta taldekide batzuk kafe eta mantzanillak hartu ondoren, aldageletara sartu ginen. Ondoren, prestatu, entrenatzailearen hizketaldia entzun eta hamaikakoa berotzera irten zen.

Partidari dagokionez, lehen zatian gogotsu irten ginen eta aukera asko izan arren, ezin izan genuen golik sartu eta atsedenaldira 0-0 joan ginen. Atsedenaldian fruta jan eta hizketaldia entzun ondoren, bigarren zatira gogotsu irten ginen. 

Aurreko zatiarekin alderatuta, oraingoan aukera gutxiago izan genituen eta defentsan gehiago sufritu genuen, baina markagailuak berdin jarraitzen zuen. 75. minutuan, ordea, aurkariak area kanpoko jaurtiketa baten ondorioz gola sartzea lortu zuten. Eta nahiz eta azken minutuetan asko saiatu, ez genuen lortu aldaketarik markagailuan.

Tolosara bueltan, Realaren partida ikusiz afaldu genuen autobusean eta 23:30ak aldera iritsi ginen Tolosara egun luze baten ondoren. Nahiz eta ez lortu garaipena, hurrengo partidari begira gaude jada eta gogo handiz jarraituko dugu lanean.

Animo neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!