Aulkitik

Beste hiru puntu lortu ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Leyre Holgado 2024ko urt. 31a, 15:00

Lehenengo sailkatuaren etxean puntu garrantzitsu bat lortu eta gero, gogotsu jaso genuen Santanderretik etorritako taldea, garaipenaren hiru puntuak lortzeko asmoz.

Larunbat eguerdian C.D. Monte eta Tolosa CF taldeak elkartu ginen partida jokatzeko. Nahiz eta aurkari ez hain gogorra, gogoz iritsi ginen partida jokatzera, aurretik lortutako emaitza onak zirela eta.

Partida hasi bezain laster jokoa menperatzen hasi ginen, hainbat gol aukera sortuz. Horren ondorioz Monte taldeak atzera egin zuen eta kontraerasora ateratzeko momentua bilatu zuen. Gola sartzeko aukerak izan genituen baina gure aurkariek ondo defendatzen zuten beraien atea. Hala ere, 18. minutuan Martak sartutako gola ospatu genuen, eta horrek lasaitasuna eman zigun.

Bigarren zatia lehenengoaren modu berean hasi zen. Gogor lehiatzen jarraitu genuen, eta horrek, 63. minutuan, bigarren gola ekarri zuen, kasu honetan Loreak sartutakoa. Azkenik, nire bolada onari jarraipena emateko aukera izan nuen, korner baten ondorioz, hirugarren gola markagailura igoz! Egunari bukaera ezin hobea emateko, Sebasen urteak ospatu genituen, berak ekarritako napolitana ederrak janez.

Monte taldearen aurka lortutako hiru puntu hauek taldea indartu dute, hurrengo astean egin beharreko bidaia gogoz hartzeko. Aupa neskak! Horrela jarraitu beharra dago!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!