Aulkitik

Garaipenaren argazkia atera genuen

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Itxaso 2024ko urtarrilaren 18a

Nafarroan poza izan zen nagusi. 3 puntuak Tolosara ekartzea lortu genuen Berriozar taldeari 0-5 irabazi ostean. Egun berezia zen, Elenaren urtebetetzea. Baina beti bezala autobusa Tolosan hartu eta Berriozar aldera joan ginen. Hasiera hasieratik, denok oso gogotsu geunden partida jokatzeko. 

Futbol zelaira iristean, aldatu, hamaikakoa entzun eta berotzera irten ginen. Irabazi beharreko partida zen, dinamika on batean sartzeko. Jokalari guztiak garaipenaren bila kontzentratuta irten ginen. Partida guztian zehar baloiaren jabe izan ginen. Hala ere, hasierako minutuetan, epaileak Berriozarren aldeko penaltia adierazi zuen. Esperantza guztiak Iratirengan jarrita, penaltia bota eta ikaragarrizko geldiketa egin zuen gure atezainak.

Geldiketak gure motibazioa areagotu eta golaren bila joan ginen. Lehenengo gola korner baten bitartez iritsi zen, Eneritzen eskutik. Partida gure aldera izanda joan ginen aldageletara. Atsedenaldian jandako frutek bigarren zatian beste lau gol sartzea ahalbidetu ziguten. Hasi eta minutu gutxira, Lorek bigarren gola sartu zuen buruz. Hortik sei minutura Irantzuk hirugarren gola sartu zuen falta batetik, eta a ze gola! Bigarren zati osoan zehar baloiaren jabetza nagusiki gurea izan zen, aurkariek ez zuten ia aukerarik izan. Azkenik, beste bi golak penalti bidez iritsi ziren Elena eta Izaroren eskutik.

Tradizioak jarraituz, aldageletara joan eta +3eko argazkia atera genuen, hau da, garaipenaren argazkia. Tolosara bueltan, autobusean merendola egin genuen urtebetetzeak eta bide batez, garaipena ospatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!