Batzuetan ez da erraza asteburuan partidarik eduki gabe astean zehar gogoz entrenatzea, eta gutxiago gabonak direnean, hotza egiten duenean edo eta proba fisikoak egin behar direnean. Baina aitzakiak ez ditugunez nahi taldean, bakoitzak bere aldetik onena jarri du entrenamendu guztietan partida garrantzitsu honetara sasoian iristeko.
Puntu bakarra atera genuen jokatutako azken bi partidetan eta dinamika hori aldatu beharrean geunden. Asteburu honetako aurkaria ez zen edozein talde, aurrean Nafarroako Mulier taldea genuen, azken urteetan gogor egin digun taldea; beraz, bagenekin ez zela partida erraza izango. Oraingoan gutxienez aldeko genuen zelaia, Usabalen jokatzen baikenuen; ez dakizue nola estutzen duen Salesianoseko zelaiak…
Oraindik aurreko eguneko errege opilaren digestioa ondo egiten genuen bitartean elkartu ginen igandean Usabalean. Aurreko eguneko kontakizunak elkarbanatuz, Nai musika bila joan zen bitartean… Raulen hitzak entzun eta berotzera atera ginen, bazegoen zer berotu egiten zuen hotzarekin…
Partidari dagokionez, partida guztian zehar baloiaren jabetza guk eduki genuen, baina batzuetan hori ez da nahiko izaten. Lehen zatian ez genuen aukera garbirik izan, zelaia oso azkarra zegoen eta, beraz, baloiak azkar joaten ziren. Eta goitik jokatzen saiatzen ginenean han zeuden Mulierreko jokalari sendoak; ez dakigu oraindik zer jaten duten Iruñean, baina guk ere eskertuko genuke errezeta handiagoak egiteko…
Atsedenaldira hutsean joan eta gero, dinamika berean jarraitzen genuen, baloiaren jabetza edukiz baina aukera gutxi sortuz. Hamar minuturen faltan iritsi zen euren gola, erdiraketa baten bidez Iratik geldiketa egin eta alderatzean hanka sartuz. Bukaerara arte borroka egin arren ez zen nahikoa izan, eta Urte Zaharrarekin batera joan ziren urteko lehen puntuak!
Aipatzekoa June Elo-ren debuta! Zorionak June! Jarraitu lanean, iritsiko dira garaipenak ospatzeko uneak!
Orain akatsak zuzendu, autokritika egin, eta dinamika onean sartzea tokatzen da! Lehen itzuliko azken partida garaipen batekin bukatu behar dugu!
Zuei, zaletuei, mila esker asteburuz asteburu taldea animatzen egoteagatik, zuengatik ere lanean jarraituko dugu eta bide batez, urte berri on!
Aupa Tolosa! Aupa neskak!