Aulkitik

Urtea nahi genuen bezala ezin amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Irati Zabala 2023ko abe. 13a, 16:00

Igandean jokatu genuen 2023 urteari dagokion ligako azken partida. Horretarako, zubiko egunak amaitzeko 07:45ean gelditu ginen Tolosan, handik Logroño aldera joateko.

Logroñesen aurka jokatzen genuen; aurkariak gu baino lau puntu gutxiago zituen eta horregatik guretzat partida garrantzitsua zen berriro goranzko bidea hartzen joateko.

Logroñora iritsi eta instalazio berriak zituztela ikusi genuen. Dena berri-berria zen. Zelaia, hasiera batean uste genuena baino zertxobait txikiagoa zen.

Partidaren lehen zatia nahiko berdindua izan zen; hala ere, guk aukera batzuk eduki genituen gola sartu ahal izateko baina ez zen iritsi.

Bigarren zatia lehenengo zatiaren antzera zihoan, baina penalti bat adierazi ziguten aurka eta hor etorri zen beraien lehen gola. Guk lanean segi genuen, ez baitziren gu baino gehiago. Hala, luzapeneko denboran, Izarok ateratako korner batean, Eiderrek ederki sartu zuen gola. 1-1ekoarekin gindoazela, azken minutuan falta bat adierazi ziguten aurka eta hor, zoritxarrez, beraien bigarren gola heldu zen.

Punturik gabe itzuli ginen Tolosara. Hala ere borrokan segi behar dugu eta akatsetatik ikasi, urte berriarekin batera zoritxarrez sartu dizkiguten golak gure zori on bilakatuko direlako.

Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!