Aulkitik

Merezitako puntua etxera

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amatria 2023ko abe. 6a, 11:59

Aurreko asteko garaipenaren sentsazio onak gogoan izanik, beste hiru punturen bila joan ginen Igorrera, Arratia talde bizkaitarrari aurre egiteko asmoarekin.

Igandeko 09:45ean elkartu ginen Usabalen, Igorrerantz abiatzeko prest. Autobusa iritsi eta lehenengo sorpresa aurkitu genuen, atzealdean pare bat mahai zeuden. Txokoa aprobetxatuz, taldekide batzuk bidai osoa eman zuten hizketan.

Zelaira iritsi, jantzi, entrenatzailearen hitzaldia entzun eta berotzera atera ginen. Nahiz eta beroketan zehar hamaikakoan aldaketa bat eman, gogotsu atera ginen zelaira. Partidan sartzea kostatu zitzaigun arren, lehen zatia baloiaren jabetzarekin eta sentsazio onekin amaitzea lortu genuen. Nahiz eta bi taldeek markagailua aldatzeko aukerak izan, 0-0eko emaitzarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatia hasi bezain laster, talde bizkaitarrak gola sartzea lortu zuen falta baten bitartez. Dena den, ez genuen amore eman eta 65. minutuan Kattalinen gola etorri zen. Nahiz eta nahi genuena baino gehiago sufritzen amaitu partida, merezitako puntua eraman genuen etxera.

Urteko azkeneko partida jokatuko dugu hurrengo astean Logroñes taldearen aurka, etxetik kanpo. Ziur nago taldeak lan handia egingo duela astean zehar 3 puntuak Tolosara ekartzeko.

Goazen neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!