Home, sweet home

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Rueda 2023ko aza. 29a, 15:00

Estreinaldi gozoa Usabalen, beharrezkoak genituen hiru puntuak etxean gelditu zirelarik.

Behar genuen. Behar genuen Usabal ireki zezaten, behar genuen etxera bueltatzea, behar genuen zalegoaren babesa eta behar genuen berriro konfiantza emango zigun garaipen bat. Joan den asteburuko jardunaldian atsedenaldia izan ondoren, gogoz eta ilusioz ekin genion asteari. Izan ere, aste honetan Usabalen irekierarekin batera, taldea etxera bueltan zen, eta, horrekin batera, aurten taldera etorri garen taldekide berriek Usabal ezagutzeko aukera genuen.

Esan bezala, asteartean ilusioz ekin genion larunbateko partida prestatzeko lan saioari. Entrenatzera irten bezain laster, egundoko euri jasak harrapatu gintuen arren, ez zigun batere axola, denboraldian lehenengo aldiz entrenamenduaren ondoren dutxatzeko aukera izango genuelako; beraz, zenbat bustiko ginen arduratzeari utzi, eta entrenamenduan jarri genuen arreta. Beharrezkoa zen kontzentratuta egotea. Izan ere, jada ez geunden Alegiako Elorri futbol zelaian. Usabalgo dimentsio eta belarretara ohitu eta jokatzeko modua aldatu behar genuen, eta, dirudienez, asteko lan horrek asteburuan eman du bere fruitua.

Iritsi zen partida eguna, eta denok genuen urduritasun puntua; denboraldiko lehen partida zen Usabalen, zalegoaren aurrean. Beraz, urduritasunak alde batera utzi eta beroketa txukun baten ostean, Parquesolen aurkako partida hasi genuen. Bagenekien lan handia egin beharreko partida izango zela eta atzean egindako akatsak garesti ordaindu genitzakeela. Aukera askorik gabeko partida izan zen bi taldeentzat. Baloiaren jabetza guk izan genuen arren, jokaldiak errematatzea falta izan zitzaigun eta lehen zatian izan genuen aukera garbienetakoa korner batean etorri zen: Izarok area txikian jarritako baloiak boteka ihes egin zuen errematatzailerik aurkitu gabe, beraz, atsedenaldira hutseko berdinketarekin joan ginen.

Bigarren zatian ere, antzeko jardun ginen eta denbora aurrera zihoan heinean iristen ez zen golaren bila jarraitzen genuen. Aukera garbirik izan ez genuen arren, beraiek ere ez ziguten arrisku handirik sortu; izan ere, Marenek, gure atezainak, ez zuen geldiketarik egiteko beharrik izan, eta ukitu zituen baloi guztiak hankarekin izan ziren, tartean, aurkako korner bat izan genuelarik. Partida amaieran, golik ikusiko ez genuela pentsatzen genuenean, 90. minutuan egindako presio altu baten ostean, Izarok baloia berreskuratu zuen, Irantzuren laguntzarekin defentsari izkin egin zion eta area barruan jarri zuen baloia Leyrek buruz sareetara bidali zuen. Partida amaitzeko luzapena soilik falta zen arren, ezin genuen kontzentrazio maila jaitsi, ezin genuelako inongo hanka sartzerik egin; beraz, epaileak amaiera adierazi artean lanean jarraitzea besterik ez zitzaigun geratzen.

Amaiera guk nahi bezain azkar adierazi ez zuen arren, epaileak hiru txistuak jotzean ospatu genuen garaipena, merezitako hiru puntuak etxean geratu baitziren. Hainbat partidatako porroten ostean, taldeak behar zituen 3 puntuak eta baita etxera, Usabalera, itzuli eta zalegoaren berotasuna sentitzea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!