Aulkitik

Porrot mingarria Añorgan

Erabiltzailearen aurpegia Patrizia Larrarte, prestatzaile fisikoa 2023ko aza. 15a, 18:00

Añorgan jokatutako norgehiagokaren ondoren, dinamika txarrari buelta eman ezinean gabiltza.

Jokatu ditugun azken 4 partidak galduta joan ginen beste talde gipuzkoarrari aurre egitera pasa den larunbatean. Jakina zen partida zaila eta gogorra izango zela, eta horrela izan zen. Hasieratik bi taldeak gogor hasi ginen, baina añorgarrak maila altuagoa erakusten zutela nabari zen, eta horren erakusle izan zen 33. minutuan iritsi zen gola. Min handia egin zigun gol horrek, eta, hori gutxi balitz, atsedenaldira arnasa hartzera joan aurretik 2. gola jaso behar izan genuen, jokalarien animoak jaitsiz.

Atsedenetik bueltan, pilak pixka bat kargatzeko eta burua altxatzeko tartea hartu ondoren, gogoz eutsi genion bigarren aldiaren hasierari. Hala ere, 53. minutuan, berriro ere, Añorgako taldearen gola etorri zen markagailuan 3-0koa ipiniz. 2 minuturen baitan, ordea, gure taldeak erreakzio oso ona izan zuen eta markagailuko distantzia murriztea lortu genuen 55. minutuan, Alaitzen gol baten eskutik. Golak emandako itxaropena baliatuz, lanean jarraitzeko kemena aurkitu genuen. Ahaleginak egiten jarraitu zuen talde osoak, baina ez genuen aukera garbirik sortu. Partidak dinamika berdinean jarraitzen zuen eta 83. minutuan norgehiagoka guztiz itxita utzi zuen Añorgako jokalarietako batek 4-1koa ipini zuenean markagailuan.

Partidan zehar aurkariak gehiago izan ziren arren, inondik inora ere ez genituen besoak jaitsi partida osoan zehar. Egindako lanak ez zuen fruiturik eman eta punturik gabe geratu behar izan genuen jardunaldi honetan.

Aste honetan ez dago jardunaldirik. Atseden eta indarrak hartzeko unea da, hurrengo partidetan maila gorena eman eta, dinamika aldatuz, puntuak lortzen jarraitzeko. Hurrengo norgehiagoka C.D. Parquesol taldearen aurka jokatuko dugu etxean, gogotsu eta irabazteko gose izugarriarekin ekingo diogulakoan gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!