Aulkitik

Elorrira ez zen Santurik jaitsi

Erabiltzailearen aurpegia Asier Galdeano, atezainen entrenatzailea 2023ko aza. 8a, 15:59

Aste osoa euripean pasa ondoren, azaroaren 5ean, igandea, jada ahaztuta genuen eguraldia etorri zen. Goizeko 10:45ak eta bertan genuen Lontxo, gure eguzki maitea, tenperatura igoz eta giro ederra partekatuz.

Partida aurreko prestakuntzak egin eta zelaira ateratzeko prest geunden. Parean Bizkerre, getxotar nesken bigarren taldea. Talde berria kategoria honetan, baina jokalari trebeekin eta osotasunean ondo landuak.

Gure jokalariak zelaira lagun berezi batekin atera ziren, Mariari eskainitako pankarta batekin, duela hilabete egin zuen lesioaren errekuperazioan animoak emateko.

Partida hasita jokoa trabatua ematen zuen bi taldeen partetik, ez zegoen baloiaren jabe zehatzik. Hasiera batean baloia bi taldeen hanketatik pasatzen zen ateetan arrisku handirik egin gabe. Pixkanaka jokaldietan erosotasun handiagoa lortzen hasi ginen, Bizkerreren atea parez-pare hainbat aldiz izanez, baina ez genuen lortu getxotarren atea apurtzea. Partiduan eroso geunden momentu hartan ezusteko bat eraman genuen, aurkarien hanketatik ateratako tiro baten ostean baloiak langa jo baitzuen. Lehen zatia 0-0eko emaitzarekin amaitu zen, baina sentsazio onekin joan ginen aldagelara.

Bigarren zatia hasi zen eta gutxi iraun zuen 0-0eko emaitzak. 48. minutuan iritsi zen Bizkerreren lehen aukera argia, alboko sake bat egin ondoren. Zentroa atera eta baloia bigarren zurtoinaren altueran erori zen, non aurkariak lehen erremate bat egin zuen. Gure atezainak baloia gelditzea lortu arren, baloia bertan geratu zen eta aurkariek gola lortu zuten, 0-1ekoa.

Ezin genuen amore eman, partida gure alde jartzeko aukera izan behar genuen. Aukerak edukitzen hasi ginen, kornerra genuen gure alde eta taldea errematatzeko prest zegoen. Kornerra atera, defentsak urrundu eta area ertzetik tiro egitea lortu genuen, baina defentsak moztu egin zuen. Kontraerasoa egitea lortu zuten eta getxotar aurrelaria atezainaren aurka geratu zen bakarrik, zelai erditik baloia eramanez. 0-2koa ematen zuelakoan, hortxe azaldu zen Maren, gure atezaina 30 zenbakia bizkarrean, izugarrizko geldiketa eginez emaitza mantenduz.

Momentu hori aprobetxatuz taldea gehiago erasotzen hasi eta 59. minutuan gure kapitaina azaldu zen sekulako obusarekin aurkariaren atea apurtzeko. Izaroren golak berdinketa lortu zuen markagailuan 1-1eko jarriz.

Une honetatik aurrera, partida guztiz hautsita zegoen. Bi taldeak hasi ginen aukerak izaten bi ateetan. Minutuak aurrera egin zuten eta berdinketa zen markagailuan 76. minutua iritsi zen arte. Aurkarien defentsak urrundutako baloi baten ondorioz, beste kontraeraso arriskutsu bat sortu zuten gure aterantz. Aurretik egindako kontraerasoaren egoera antzekoan geratu zen jokaldia, aurrelaria eta atezainaren arteko lehian bihurtu zen. Aldiz, jokaldi honetan aurrelariak baloia ondo jaurti eta sare barrura sartu zuen. 1-2koa lortu zuen Bizkerre taldeak.

Nekea eta kontrako emaitzaren pisua genuela, hurrengo minutuetan ez genuen lortu min handirik egitea eta emaitza honela geratu zen. Lan handia egin ondoren ezin izan genituen 3 puntuak etxean bildu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!