Beroketan haizeak nondik jotzen zuen asmatu nahian aritu ginen zelaia aukeratzeko, baina ez ginen gai izan. Baloia lurretik altxa orduko hegan egiten zuela zirudien, baina ez zen aitzakia, bi taldeentzat berdinak ziren baldintzak.
Partida hasi eta lehenengo kolpea 13. minutuan jaso genuen, Sarak sorbaldan min hartu eta ospitalera eraman behar izan zuten talka eta eroriko txar baten ondorioz, hobe luke berak ere hegan egingo balu. Aldaketa azkar bat egin eta partidan sartzea lortu bagenuen ere, ez genuen kontrolpean izatea lortu eta jabe nagusirik gabe ibili zen baloia firin-faran partidan zehar. Neurketak golik gabe amaitzeko itxura osoa zuenean, gorrien area kanpoko jaurtiketa batek haize bolada on bat harrapatu eta gure ate barrura sartzea lortu zuen 90. minutuan; 1-0 eta partida amaiera.
Taldearen aste barruko dinamika ona asteburuan islatu ez zen arren, ziur nago hurrengo partidetan nabarituko dela. Horretarako aukera paregabea dugu datorren igandean, Bizkerre jasoko baitugu etxean 12:00etan.
Jarrai dezagun lanean!