Partida hasi eta 2 minutura Burgosko taldearen lehen gola iritsi zen. Oraindik partida amaitzeko denbora asko geratzen zen, baina parean genuen aurkaria garaitzeko taldeak lan asko zuen egiteko. Nahiz eta bi taldeek markagailua aldatzeko aukerak izan, 0-1eko emaitzarekin amaitu zen lehenengo zatia. Atsedenaldian, asteroko legez, frutarekin eta urarekin indarrak hartu genituen, aurretik genituen hil ala biziko 45 minutuei ekiteko.
Bigarren zatia hasi eta 4 minutura 0-2 jarri zitzaigun markagailua. Hala ere, taldearen jarrera, gogoa eta anbizioarekin gure lehen gola iritsi zen, Eiderrek sartu zuena. Markagailua berdintzeko geroz eta aukera gehiago genituen eta partidaren intentsitatea ere handitzen zihoan. Partida aldapa gora jarri zitzaigun beraien aldeko 1-3ko markagailuarekin. Aukerak sortuz iritsi zen Iranen gola, baina markagailua 2-3 izanik amaitu zen partida. Amorrua, inpotentzia eta pena ziren gailentzen ziren sentimenduak, izan ere, 3 puntuak etxean geratzeko egindako ahaleginak ez ziren urriak izan.
Taldea momentu oso onean dago, lan izugarria egiten ari gara bai astean zehar baita partidetan ere. Ez dut zalantzarik oraindik asko dugula ikasteko nahiz emateko, baina, horretarako, lanean jarraitu behar dugu, guztiok batera bide berean.
Aste honetan, Osasuna talde nafarraren aurka dugu partida, eta gure helburua betiko moduan 3 puntuak etxera ekartzea izango da.
Amaitzeko, aipatu nahiko nuke, zoritxarrez Maria Revilla taldekideak belauneko lesio gogor bat izan duela eta ebakuntza egin beharko diotela. Zurekin gaude!
Aupa Tolosako neskak!