Aulkitik

Kornerretik etorri dira golak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Tejeria 2023ko urriaren 17a

Aurreko asteko garaipenari jarraipena emateko asmotan, gogoz hartu genuen aste berria, Mutiloa taldea aurkari izanik. Nahiz eta taulan azken postuan joan punturik gabe, denboraldiaurrean haien aurka jokatutako partidan jasotako porrota buruan genuen eta bagenekien ez zela partida erraza izango. 

Aste guztian zehar gehien aipatu zen kontua hurrengoa izan zen: zelaiaren tamaina izugarria. Berazubi baino handiagoa, Usabalgoa baino dezente gehiago, Alegiako Elorri baino 40 metro? Ala 20 metro? Edo 20 metro aldeko…? Zenbat zabalagoa?

Larunbata iritsi eta Usabaletik abiatu ginen autobusean. Aipatzekoa ere taldean zabaltzen ari den afizio berria: musa. Ohikoak bihurtzen ari dira txapelketak autobuseko bidaietan, garbantzu ordez puntuak kontatzeko mugikorreko app-a eta tranpa batzuk tarteko.

Iruñera iritsi eta denboraldi honetan lehen aldiz partida jokatzeko eguraldi nahiko egokiarekin aurkitu ginen, aurreko asteetako beroa alde batera utziz. Eta horrela eman genion hasiera partidari 18:00etan.

Baloiaren kontrola gurea izan zen hasieratik, baina kosta egiten zitzaigun atera iristea aukerak sortzeko. Bi taldeok arrisku gehiena baloi geldietan ari ginen egiten, eta horrela iritsi zen beraien gola markagailuan aurre hartzeko, korner bateko erremate baten bitartez. Hala ere, gai izan ginen geure jokoarekin jarraitzeko eta lehenengo zatia amaitu aurretik sartu genuen lehen gola, hau ere kornerrez.

Bigarren zatian indartsu atera ginen eta lehen 15 minutuetan lortu genuen markagailuari buelta ematea, oraingoan ere beste korner bati probetxua aterata. Partida aurrera zihoala eta beraien irabazteko beharrak bultzatuta, intentsitate handia sartzen hasi ziren haiek. Dena dela, pixka bat sufrituagatik ere, lortu genuen markagailua ez mugitzea eta garaipena geurea izatea.

Aste honetan bai, aldagelan taldearen +3 argazkia aterata, Burgosen aurkako partidan zentratuta dugu burua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!