Aulkitik

Azken minutura arte borrokatzearen saria

Erabiltzailearen aurpegia Lore Etxaburua 2023ko urr. 11a, 17:41

Aurreko larunbateko partidatik ikaskuntzak atera ondoren aste berriari ilusioz ekin genion; gogor entrenatu behar genuela argi geneukan asteburuan irabazi nahi bagenuen.

Igande goizean eguzkia lagun genuela Alegian bildu ginen, San Ignacio talde bizkaitarraren aurka jokatzeko. Taldea beste urteetatik ezagutzen genuen eta bagenekien talde lehiakorra dela eta ez zigutela partida batere erraz jarriko.

Aldageletara sartu, Raulen txarla entzun eta berotzera atera ginen. Bazirudien abuztu hasieran geundela, baina, tira, urrian sartu gara. Beroketa seriotasunez burutu eta gero, kamisetak aldatu eta jokatzeko. Aipatu beharra dago Maren atezainaren debuta: zorionak Maren, a ze debuta!

Partidari dagokionez intentsitate handiko partida izan zen, aukera argirik eduki gabe bi taldeek. Lehenengo zati erdialdean aldaketa bat egin behar izan genuen Mariaren lesioaren ondorioz. Ea lehen bai lehen berriro zelaian ikusten zaitugun!

Lehenengo zatia bukatu baina zertxobait lehenago San Ignacioren gola iritsi zen, falta baten aldaratzea ondo aprobetxatuz, eta atsedenaldira atzetik joan ginen, 0-1.

Bigarren zatian intentsitate berarekin atera ginen eta hasi eta berehalaxe iritsi zen Kattalinen izugarrizko gola. Bagenekien ezin ginela erlaxatu eta bukaerara arte borrokatu behar genuela, eta halaxe egin genuen. Aurreko astean azken minutuan galdu genuen arren aste honetan alderantziz izan da. Luzapenean sartu ginenean, Naiek kornerretik atera eta hortxe agertu zen Itxasoren burua baloia sarean sartzeko eta etxean geratzeko hiru puntuak. Azken minutuan beraiek aukerak izan arren, atzean sendo geunden eta beraz garaipena etxean geratu zen!

Orain lanean ari gara, hurrengo partidari begira. Larunbatean Mutiloan jokatuko dugu, 18:00etan hasita, Mutilveraren aurka.

Segi dezagun bide beretik. Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!