Gure udako fitxaketek, aldiz, ez dute ingurua aztoratu baina gure lehen taldean oihartzun handia izan dute. Bikain egokitu dira taldera eta oso gustura ari gara beraiekin lan taldea osatzen, kategoriak eskatzen duen exijentzia mailara lehenbailehen egokitzen eta denbora luzez taldean ari ziren jokalari batzuen hutsunea betetzen.
Raul Camareroren gidaritzapean hasi du taldeak denboraldi berri hau, eta hasiera txukuna eman diote neska urdinek. Bi garaipen eta partida bat galdu ondoren, Oiartzunera begira igaro dugu pasa den astea, zerbait positiboa ateratzeko itxaropenarekin.
Karla Lekuona futbol zelai erromantikotzat daukagu futbol zale nostalgiko garenok. Gure Berazubiren antzera, bertako belarrak ere ez du osasuntsu dagoen itxurarik, baina gure gazte garaiak gogorarazten dizkigu belar zahar hori zapaltzen dugun bezain laster.
Bi taldeak sendo eta ideiak argi zituztela zelairatu ziren, aukerak elkarbanatu zituzten lehen zatian eta zein bata edo bestea joan zitekeen aurretik atsedenaldira. Bigarren zatia ildo beretik hasi eta pixkana joan-etorriko aukera gehiago sortzen hasi ziren, nekeak eta egiten ari ziren esfortzua testigu.
Berdinketarekin amaituko zela pentsatzen zutenentzat bazuen oraingoan ere futbolak bere magia erakusteko beharra. Guretzat, ordea, magia beltza, ziztada ederra sartu baitziguten hegaletik hasitako jokaldi aldrebes eta korapilatsu baten ondoren baloiak sareetan bukatu ostean, egindako lan guztia bertan behera bota zuenaren sentsazioa utzi baitzuen gurean.
Minutu gutxira epaileak amaitutzat eman zuen partida eta sentsazio gazi-gozoa geratu zitzaigun guztioi. Burumakur baina pozik Karla Lekuonan Tolosak utzitako oihartzunarekin. Gehiagoren bila joateko prest gaude!
Hau hasi besterik ez da egin eta! Aupa Tolosa!