Aulkitik

Eskerrak taldeari

Erabiltzailearen aurpegia Irene Etxaburua 2023ko mai. 18a, 11:57

Zorionez edo tamalez, baino iritsi zen denboraldi honetako azken partida. Horrenbeste sufritu dugun denboraldi luze hau, baina denen lanari esker helburua lortu duguna.

Partida berezia, taldekide batzuen azken partida, eta ezer gutxiago Donostiako Añorga taldea baino. Horrelako partidetan beti dago gogo berezi bat, harrotasunagatik, taldekide ohiak daudelako... Ez dakit zergatik baina beti da berezia!

Azken aste honetan ohikoa ez den moduan, Berazubin eta Alegian entrenatu genuen (kiroldegiko greba dela eta). Aste guztian zehar urduritasunak medio izan baziren ere, gogotsu entrenatu genuen. 30 partidaren ostean azkena zen, eta sentsazio onekin bukatu nahi genuen, gure jokoa eta talde lana erakutsiz.

Arratzainen elkartu ginen, Billabonaren futbol zelaian. Asteburu honetan etxean ez jokatzea ez zen aitzakia, taldearen gogoa denaren gainetik baitzegoen. Partida hasi aurretik omenaldi berezia egin zitzaien Irati Aldalur eta Nahia Alkortari (Tere falta zen), urte luzez gure taldekide izan diren gure lagun bereziei. Mila esker urte guzti hauetan emandako guztiagatik!

Partidari dagokionez oso partida parekatua izan zen, intentsitate handikoa. Gure jokoa egiten saiatu baginen ere segituan iritsi zen Añorgaren lehendabiziko gola, kasu honetan penaltiz. Baloiak Eiderren eskuan jo zuela adierazi zuen epaileak, baina hori nahigabe izan zen, ezta, Eider? Atsedenaldira galtzen joan baginen ere, konfiantza guztia zegoen taldearengan emaitzari buelta emango geniola, eta hala egin genuen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto Zuriren gola iritsi zen; horrek konfiantza eman zion talderi eta garaipeneko golaren bila joan ginen. Zoritxarrez, azken minutuetan murgiltzen ari ginela Añorgaren bigarrena iritsi zen; beraz, beste behin atzetik jarri ginen. Ez genuen etsi, eta horrela iritsi zen gure Cavani-ren gola: Sararen pase izugarri bati esker Lorek bigarren gola egin zuen, eta halaxe bukatu zen norgehiagoka, binakoarekin.

Bederatzi garaipen, bost berdinketa eta hamasei porroten ostean bukatu da denboraldia. Une zailak pasa arren talde izaten jakin dugulako, eta elkarrengan sinistu dugulako, lortutakoa denona da. Orain disfrutatzea besterik ez da geratzen. Mila esker astebururo astebururo guri indarra ematen egon zareten guraso, familia eta lagun guztiei, zuekin dena errazagoa izan da. Hurrengo urtean gehiago disfrutatuarazten saiatuko gara!

Esker berezi eta goxoenak taldekide guztiei, eta bereziki hurrengo urtean gurekin zelaian egongo ez direnei. Plazer handia izan da urte hauek zuekin elkarbanatzea, asko ikasi eta disfrutatu dugu elkarrekin! Beraz, mila esker!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!