Aulkitik

Zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2023ko mai. 10a, 11:57

Arratia ez da nolanahiko aurkaria. Ez behintzat guretzat. Euskal Ligan geundenean lehia estua izan genuen haiekin Lehen Maila Nazionalera igotzeko —orduan ligako txapelduna bakarrik igotzen zen, eta guk lortu genuen lehen postua; baina denboraldi horretan, beste arrazoi batzuk tarteko, bigarrena ere igo zen, beraz, Arratia ere gurekin batera etorri zen gorengo mailara—. Bi taldeen arteko lehiakortasunak hor jarraitzen du, eta jada mailari eustea lortu dugun arren, beti da motibazio gehigarria Arratiaren aurka jokatzea, harrotasunagatik bada ere, inork ez nahi baitu galdu.

'Klin-klin' txanponen soinu hotsa ohikoa bilakatu da aldagelan, norbaitek multaren bat jasotzen badu. Adibidez, Arratiaren aurkako partidan, Elenak kamiseta zuria ekarri zuen berotzeko, beltza beharrean. Beraz, 'klin-klin' eta diru gehiago zakura! Bakarren batzuk uste dut berandu iritsi zirela Usabalera, eta 'klin-klin' hotsik ez nuen entzun. Ez dakit Mireiak [Barriolak] apuntatu ote zuen multa...

Partidari buruz, zaharrak berri. Uste dut Arratiaren kontra jokatu ditugun neurketa guztietan inork gutxik disfrutatzen duela. Izan ere, horrelakoak joan-etorri askokoak izaten dira, jokaldiak gelditzeko falta asko egiten dira, geldikako jokaldiek garrantzi handia dute eta gutxi jokatzen da. Finean, intentsitate handiko partidak izaten dira, itxiak, eta baloia pausatzea zaila izaten da.

Hain justu, horrelako partida izan zen. Hasieran baloiaren jabetza izan bagenuen ere, minutuak aurrera joan ahala, kontrola galdu genuen eta haiek gure atera gerturatzen hasi ziren, aukera garbirik izan ez arren. Oro har, neurketa nahiko zoroa izan zen, joan-etorri askokoa eta bigarren zatian haiek estu hartu gintuzten, lehen gola sartu zuten arte (1-0). Haiek gola egin ondoren gure aukerak izan genituen arren, ez ginen fin ibili ate aurrean.

Oraingo honetan txanpona Arratiaren alde erori da, eta burua jaitsi eta eskua ematea besterik ez genuen. Eskerrak jada ez dugun ezer jokoan, bestela partidak itxura txarra hartuko zuen, giroa berotzen hasia baitzegoen Igorren.

Datorren astean beste neurketa berezi bat jokatuko dugu; aurkaria Añorga delako, ligako azken partida delako, eta taldekide batzuentzako azken neurketa ere izango delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!