Aulkitik

Argi genuen zaila zela baina ez ezinezkoa

Erabiltzailearen aurpegia Henar Martinez, Emakumezkoen Futbolaren Arloko koordinatzailea 2023ko maiatzaren 4a

Ilusio handiko proiektu polit batekin hasi genuen denboraldia. Lehen partidak ez ziren gaizki joan, baina jardunaldiak aurrera pasa ahala gauzak okertzen hasi ziren. Emaitzak okerrera joan ziren, eta hori gutxi ez balitz, epe luzeko lesionatu asko izan genituen taldean. Aurreikusita genuen denboraldi zoragarri hori pixkana iluntzen joan zen eta geroz eta aldapatsuagoa bihurtu zen.

Lehen birako balantzea txarra zen, kategoriaz jaisteko postuetan geunden, eta gainera inguruko talde zein pertsona askok hiltzat jo gintuzten. Momentu horretan taldearekin bildu eta egoera horri aurre egiteko irtenbide desberdinak jarri genituen mahai gainean. Beraz, aulkian futbola beste modu desberdin batean ikusten zuen pertsona bat behar genuela ondorioztatu eta honen bila hasi ginen.

Bilaketa zail eta luze baten ondoren, Raulekin jo genuen, berarekin elkartu eta energia ona zein positiboa transmititzeaz gain, taldea gidatzeko prest zegoela jakinarazi zigun egun gutxira. Ander, klubeko entrenatzaileetako bat, Rauli laguntzeko prest aurkeztu zen, eta hau dupla bikaina!

Raulek gidatutako lehen partidan garaipena lortu zuen taldeak eta gure neskei helburu batengatik borrokatzeko ilusioa berpiztu zitzaien. Pixkana elkar ezagutu eta lan dinamika berri batean murgiltzen hasi ziren jokalari zein entrenatzaileak.

Helburua ere aldatu zen baina argi genuen postu horietatik ateratzea zaila izango zela baina ez ezinezkoa; beraz, lanari ekin zioten amorerik eman gabe. Bigarren bira askoz positiboagoa izan dela esan dezakegu, izan ere, bi jardunaldi faltan taldeak 1. Nazionaleko Mailan mantentzea lortu du.

Zuen borrokak merezi izan du neskak, zorionak! Orain azken bi jardunaldi hauen bila denboraldi amaiera biribiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!