Aulkitik

Ezinbesteko garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Kattalin Iztueta 2023ko martxoaren 23a

Azken hiru asteetako emaitza onak gogoan, dena emanda borrokatu genuen, zulo beltzetik ateratzeko hiru puntuak lortuz.

Goizean goiz abiatu ginen Tolosatik Bilborantz, bidean Zarautzen geratuta. Bidaia luzearen ondoren titularrak gogotsu atera ziren berotzera, partida hura irabaztea oso garrantzitsua zela jakinda.

Jokoari dagokionez, lehenengo zatian paretsu ibili ginen bi taldeak. Intentsitate handiko 45 minutu izan ziren zelai txikian, beraz, gogor defendatu behar izan genuen. Baloiaren jabetza izan genuen momentu batzuetan, eta aukerak ere bai. Azkenean 38. minutuan Loreren gola iritsi zen; hortaz, markagailua 0-1 zela iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatian ere antzeko ibili ginen, gogor defendatuz eta baita erasotuz ere, baina 54. minutuan 1-1ekoa iritsi zen korner batean. Burua goran mantenduz lanean jarraitu genuen, eta hala iritsi zen Elenaren gola falta baten bidez. Horrela amaitu zen partida, eta pozik ospatu genuen garaipena.

Irabazitako hiru puntuekin jaitsieratik atera eta 12. postuan kokatzen gara orain. Bide onetik goaz neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!