Aulkitik

Dinamika onarekin jarraituz

Erabiltzailearen aurpegia Eider Tejeria 2023ko martxoaren 15a

Bi asteburutan jarraian hiru puntuak lortuta, gogotsu geunden Burgosi aurre egiteko. Bagenekien aurkari zaila izango zela, 3. postuan baitzeuden taulan, baina guk ez genuen asmorik dinamika ona alde batera uzteko.

Aspaldiko partez goizez izan genuen partida eta, nahiz ezta martxo hasiera izan, eguzkia eta beroa genituen lagun Usabalen (eta bai Elena, azkenean aurkariak ere Usabalen agertu ziren bota egokiekin...).

Partida intentsitate handiarekin hasi zen bi taldeen aldetik, aukera garbirik gabe ez bata ez bestearentzat. Beraiek beren jokoa argi zuten, baloi luze asko, talketara gogor eta bizkortasuna aurrean. Hala ere, guk gure jokoari ondo eutsi genion, partidaren erritmoa kontrolatuz eta baloia alde batetik bestera ukituz. 0 eta 0koarekin bukatu zen lehen zatia.

Bigarren zatia antzeko joan zen, bero nabaria zela-eta erritmoa pixka bat lasaitu zen arren. Beraiek bukaeran pixka bat gehiago estutu zuten, baina bagenekien zeinen garrantzitsua zen partida honetan punturen bat ateratzea eta, defentsa lana ona eginez, markagailua aldatu gabe amaitu zen partida.

Nahiz eta hiru puntuak lortu ezin izan, pozik amaitu genuen taldeak egindako lana eta esfortzuagatik.

Orain San Ignazioren aurkako partidan zentratuta daukagu burua, dinamika onarekin jarraitzeko asmoz joango gara asteburuan Bilbora!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!