Aulkitik

Etorkizunera begirako garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Alkain 2023ko martxoaren 9a

Ostiraleko entrenamenduaren ondoren, garbi genuen partida hau oso garrantzitsua izango zela; izan ere, beheko postuetatik irteteko aukera bikaina zen. Oraingoan, Nafarroan jokatzen genuen, Berriozar taldearen aurka; beraz, larunbat eguerdian abiatu ginen denok Tolosatik autobusez, gogotsu eta ilusio handiz.

Partidari dagokionez, lehenengo zatian indartsu ibili ginen, bai defentsan, eta baita erasoan ere. Horrenbestez, lehenengo zatiko jokaldi batean, penaltia lortu genuen gure alde. Elenak jaurti zuen, eta baita sareratu ere. Gol hura izan zen partidako bakarra.

Bigarren zatian, bagenekien lan handia egin beharko genuela partidari eusteko, eta nahiz eta hainbat aukera eduki markagailua aldatzeko, ez genuen lortu gol gehiago sartzerik. Hala ere, bigarren zatiko lan garrantzitsuena defentsan eduki genuen, aurkariek behin eta berriz beraien gola bilatzen baitzuten, baina sendo eutsi genien eta ez zuten lortu beraien aldeko golik.

Azkeneko unera arte borrokatu genuen, eta hori garbi ikusten da emaitzan. Partida honek etorkizunera begira indar handia emango digu lanean ilusioz jarraitzeko, eta ahal dugun guztia borrokatzeko. Hurrengo partida etxean jokatzea tokatzen zaigu, Burgosen aurka, eta jada partidan pentsatzen hasiak gara. Partida zaila izango da, goiko postuetan dabiltza eta, baina ea berriro ere lortzen ditugun hiru puntuak etxean geratzea.

Bestalde, garaipen hau taldeko lesionatuei eskaini nahiko genieke, batez ere azkeneko biei: Patri eta Ainhi, animo! Laster izango zarete bueltan.

Aupa neskak, hurrengo hiru puntuen bila!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!