Aulkitik

Talde moduan jokatu genuen

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Egibar 2023ko otsailaren 15a

Urteko partidarik zailenetako batean, dena eman ostean ezin izan genituen hiru puntuak etxeratu. Bagenekien partida zaila izango zela, sailkapenean goiko postuetan dagoen talde txuri-urdinaren etxean jokatzea tokatzen zitzaigun.

Partida irabazteko zelaian dena eman behar genuela argi genuen. Entrenatzaileak ere, hizketaldian argi utzi zigun atzean gogorrak izan behar genuela eta talde moduan jokatu behar genuela. Taldeak hori egin zuen, eta partida irabaztera atera ginen.

Partidari dagokionez, lehenengo zatian, baloiaren jabetza Realak izan zuen. Hasieran, taldearen lan bikainari esker ez zuten aukera garbirik eduki. Baina partida aurrera joan zen heinean nekea agertzen hasi zen, eta horrek beraien aukerak ekarri zituen. Baina, taldekide guztien lanari esker lehenengo zatia 0-0 bukatu zen.

Bigarren zatiaren planteamendua nahiko antzekoa izan zen. Zorte txarrez, korner batean txuri-urdinen gola iritsi zen. Taldeak ez zuen burua jaitsi eta borrokan jarraitu genuen. Baina 80. minutuan Realak bigarren gola sartzea lortu zuen. Nahiz eta partida bukatu arte dena eman, ez genuen lortu emaitza aldatzea, eta partida 2-0 bukatu zen.

Taldea jada hurrengo asteko partida prestatzen ari da. Argi daukagu larunbatean daukagun UD Logroñesen aurkako partida irabaztea salbazioa lortzeko ezinbestekoa izango dela. Hurrengo astean ere, dena ematea tokatzen zaigu eta hori egingo dugu. Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!