Aulkitik

Urrezko hiru puntu

Erabiltzailearen aurpegia Ainhitze Aranalde 2023ko ots. 8a, 11:57

Aurreko bi asteetako kolpe gogorren ondoren, bagenekien hil ala biziko partida genuela aurretik, hiru puntu hauek eskuratuz gero behetik genituen aurkariak atzean utzi eta goikoei begira jartzeko.

Partida gogotsu hasi genuen eta presio on baten ondorioz iritsi zen lehen gola. Izarok sartu zuen 7. minutuan urruneko jaurtiketa baten ondoren. Bigarrena ere segituan iritsi zen, 11. minutuan, Kattalinek sartuta. Gehiago sartzeko aukera garbiak izan genituen arren, 2-0ekoarekin joan ginen aldageletara.

Markagailuan aurretik joateak ematen duen konfiantza nabaria izan zen bigarren zatian. Aurkariari ez genion aukerarik egiten utzi, gu bitartean beraien atera behin eta berriz gerturatzen ginen. Horrela, 52. minutuan Kattalinek bere bigarren gola sartu zuen, eta minutu gutxira Zuriñek partidako laugarrena, erdiraketa on baten ondoren. Partida amaierara iristear zela, aldeko penalti bat izan genuen, Irenek, berak ondo dakien moduan, sareratu zuena.

Partida biribila izan zen, aspaldiko partez gol festa eta guzti. Hurrengo astean ligako liderra den Realaren aurka jokatuko dugu Zubietan. Argi dago ez dela partida batere erraza izango, baina ez gara atzean geratuko, talde honek oraindik asko baitu erakusteko.

Goazen neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!