Goizean goiz abiatu ginen Pradejonera (Errioxa). Oraingo honetan, ohiko moduan ez bezala, denak Tolosatik hartu genuen autobusa. Izan ere, normalean Zarautzen geldialdia egiten dugu taldeko hiru jasotzeko. Hemendik aurrera, beraz, garaipeneko bidean jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da egin genuen guztia errepikatzea ezer aldatu ez dadin; taldeko zenbait superstiziosoak baitira. Zarauzkoak haserre egongo dira, baina taldearen hobe beharrez da, neskak. Bueno, gehiago haserretu ez daitezen, esan behar dut Zarauzkoa bat bakarrik dela, badaezpada.
Pradejonera iritsi eta kafea. Horrek ere asko lagunduko zuen partidara bete-betean sartzeko. Hurrengorako hori ere apuntatuta. Aldagelara sartu, hamaikakoa esan, ekipamendu urdina jantzi, entrenatzailearen hitzaldia eta berotzera.
Oro har, partida erosoa izan zen, nahiz eta lehen zatian markagailuan gol bateko aldea izan. Garazik sartu zuen lehena, Kattalinek egindako jaurtiketa baten alderatzea aprobetxatuz. Multzoko txikienek ireki behar markagailua, eta a ze parea! Bigarren zatian nagusiago izan ginen, eta horren adierazle dira eskuratutako beste hiru golak. Lehena Elenak egin zuen area ertzetik baino urrunago egindako jaurtiketa batean. Hirugarrena eta laugarrena Garik (Ainhoa Garikanok) sareratu zituen. Bata, area ertzetik egindako jaurtiketa eskuairatik sartu zuen, eta bigarrena, Alaitzek alboko sake batetik egindako erdiraketa ezin hobea errematatu zuen. Sebasek autobusean esan moduan: Ari, ari, ari Gari lehendakari!
Taldeko hainbatek gol gehiago sartu nahi genituen, eta taldeko bik, ordea, partida bere horretan amaitzea nahi zuten, neurketako porra irabazi nahi zutelako. Azkenerako, bere horretan geratu zen markagailua: 0-4, eta hiru puntu poltsikora. Partida bukatu, eta argazkia atera genuen aldagelan, hiru puntu lortzeak ematen duen poztasunaren seinale. Taldeko zenbaitek adierazi zuten garrantzitsua izango zela datorren neurketarako dena berriro ere errepikatzea: ezkerreko galtzerdia lehendabizi jantzi zuenak, eta ondoren eskuinekoa, horrela egiteko hurrengoan ere. Barneko arropa berdina janzteko ezinbestekoa zela esan zuten beste batzuek. Irabazteko batzuetan egin behar dena, eta irabazteak zenbat balio duen.
Hiru puntu poltsikoratu ez ezik, Joneri esker, zaku bete diru itzuli ginen. Izan ere, taldeak denboraldian zehar dirua biltzen du porren eta multen bitartez, sasoi amaieran bira bat egiteko. Eta Joneri hainbat gauza ahaztu zitzaizkion bai etxean, baita aldagelan ere. Beraz, dena zakura! Orain atzera begiratu gabe aurrera egin behar dugu, eta hasi berri dugun joera onari eusten saiatu.