Aulkitik

Konfiantza guztia taldean

Erabiltzailearen aurpegia Irene Etxaburua 2022ko azaroaren 17a

Denbora bat daramat pentsatzen zortea ez dela existitzen, baina ikusita bizitzen ari garen egoera kontrakoa pentsatzen hasia nago. Jokalari askoz beteriko taldea ginen abuztu hasieran, eta orain, astebururo-astebururo arazoak ditugu hamaikakora iristeko… Tamalez, aurten lesioak ez ditugu bide lagun, eta hori gutxi balitz, kanpora ikastera joan diren pare bat taldekide ere baditugu.

9. jardunaldia eta oraindik garaipenik gabe, baina ez da amore eman dugulako. Nahiz eta jokalari gutxi egon, behetik igotzen diren jokalariekin, astebururo jarrera eta garaipena etxeratzeko gogoekin dena ematen dugu zelaian, gure esku dagoen guztia ematen dugu epaileak azken txilibitua jo arte.

Eta asteburu honetan ere hala egin genuen. Igande goizean autobusa hartu eta Santanderrera abiatu ginen. Monte genuen aurkari, aurkari gogorra, sailkapenean gorako postuetan dabilena eta lehengo urtean nahiko lan eman zigun taldea. Dena emateko prest geunden, 3 puntuak Tolosara ekartzeko.

Lehenengo zatiari dagokionez, oso ondo ibili ginen, atzean sendo eta aurrean aukera bat edo beste sortuz (aspaldian hori lortu gabe). Atsedenaldira 0-0 joan arren, bigarren zatian iritsi zen Monteren lehen gola, hasi eta gutxira. Borrokan jarraitu genuen berdinketaren bila, baina gauzak okertu eta Monteren bigarrena iritsi zen, partida aldapan gora jarriz. Bukaerara arte dena eman arren ez genuen lortu punturik etxeratzea.

Momentu zailak diren arren, konfiantza guztia daukat eguneroko lanarekin eta jarrerarekin taldeak buelta emango diola egoerari. Beraz, animo neskak, ez etsi! Tunelaren bukaeran beti dago argia!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!