Aste honetako helburua, inor ozen esatera ausartzen ez bazen ere, eta denok buruan genuena zera zen: gol asko ez jasotzea, eta partida osoan zehar, lehia irabazteko aukera izatea. Taldea beroketa egiten ari zela, burua mentalizatzen ari ziren jokatu behar zutenak: korri egitea tokatzen zela. Horietakoak izaten dira okerrenak jokatzeko, eta agian aulkian zeudenetako batzuk lasaitu ederra hartuko zuten korri gutxiago egingo zutelako. Ez ditut izenak esango, badaezpada.
Partida hasi eta segituan jaso genuen lehen gola, aurreneko minutuetan. Gauzak horrela, lehen gola eginda, pronostikoa beteko zela ematen zuen: golak errenkadan sartuko zizkigutela, alegia.
Ez zen horrela izan, eta taldeak aurpegia eman zuen. Getxokoek kostata sortzen zizkiguten aukera garbiak, eta baloiaren jabetza izatea ere lortu genuen lehiaren zenbait fasetan. Norgehiagoka bi eta huts bukatu zen. Golak beroketan bakarrik sartu genituen. Mireiak sekulako gola sartu omen zuen area kanpotik egindako jaurtiketa batean. Inork ikusiko ote zuen? Nik, behintzat, ez.
Denboraldi erraza ez zela izango pentsatu genuen denok hasieran, taldean aldaketa asko egon direlako. Baina, sasoia, oro har, positiboa izan da. Lehen itzulian kosta egin zitzaigun garaipenak lortzea, baina bigarren itzulian errazagoa izan zaigu horiek kateatzea, edo behintzat partidak ez galtzea. Hori baita garrantzitsuena, puntuak lortzea, beti ere garaipenak badaude tarteka. Sailkapenaren erdialdean bukatu dugu sasoia, hamalau taldeetatik zortzigarren.
Ez dut ahaztu nahi lesionatuta egon direnez. Eta Landerren (fisioaren) ohatilatik asko pasa garen arren, denak ez esatearren, bereziki taldeko lauk ez dute abagunerik izan jokatzeko, edo izatekotan, oso gutxi. Horiek dira Alkorta, Irati, Tere eta Lorena. Batzuek tunelaren amaiera ikusi badute ere, beste batzuek, oraindik, ez dute argia ikusi. Baina ikusiko dute, laster bezain pronto. Animo neskak!
Liga amaitu da baina orain Kopa dator. Eta betiko leloari jarraikiz, Koparen bila!