Aulkitik

Irabazi beharreko partida

Erabiltzailearen aurpegia Ainhitze Aranalde 2022ko urtarrilaren 27a

Aste honetan, bigarren itzuliko bigarren jardunaldian, azken postuan dagoen Santanderko Nueva Montaña taldearen bisita jaso genuen Berazubin. Oraindik punturik lortu ez duen talde bakarra da, baina ezin genuen erlaxatuta irten, maila honetan akatsak garesti ateratzen baitira.

Hasieratik baloiaren jabe izan eta gol aukerak eduki arren, partidako lehen gola sartzea dezente kosta zitzaigun; 39. minutuan iritsi zen azkenean, falta baten ondoren. Bigarrena bi minutura sartu genuen eta horrela amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatian izan genituen aukerak hobeto aprobetxatzen jakin genuen, golak bata bestearen atzetik etorri ziren eta azkenean 8-0koarekin amaitu zen norgehiagoka.

Irabazi beharreko partida zen hau eta taldeak ongi erantzun zuen. Garaipena ospatzeko, gure delegatua den eta Tolosa CF osatzen dugun guztion artean maitatua den Sebasen urteak ospatu genituen, urteroko legez napolitana eta croissantak janez. Eskerrik asko eta urte askotarako Sebas!

Hurrengo partida aurkari gogorra den Añorgaren etxean jokatuko dugu. Partida polita eta borrokatua izango delakoan gaude eta dena emango dugu hiru puntuak Tolosara ekarri ahal izateko.

Aupa neskak, gogor!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!