Aulkitik

Burua hurrengo partidan

Erabiltzailearen aurpegia Teresa Ibarbia 2022ko urtarrilaren 20a

Larunbata: ez dugu astebururo horren goiz bazkaldu behar izaten (eta eskerrak). Autobusa zain genuen 13:00etarako. Bazkaria oraindik digestioa egiteko genuela hasi genuen bi ordu eta erdi inguruko bidaia Santanderrerantz. Batzuk ikasten, musika jarrita besteak, lo… uste baino lehen heldu ginen helmugara.

Aldagelan bakoitzak bere prestaketak egin, arropa jantzi, zapatilak lotu, eta zelaira! Lehen minututik guztia emateko asmoz sartu arren, lehen zatiak ez zuen gure aldeko markagailuan aldaketarik sortu eta haien zenbakiak ere hutsean mantentzea lortu arren, azken minutuetan sartu zuten aurkariek beren lehen gola. Nahiz eta aldagelara zapore gazi-gozoarekin sartu, partida erdia genuen aurretik; ez genuen ezer galdutzat ematen.

Horregatik, burua altxa eta markagailuari buelta emateko asmoz atera ginen zelaira. Zoritxarrez, markagailuak gure aurka jarraitu zuen partida osoan zehar, azken minutuetan gure gola heldu zen arte. Horrela, beraiek bigarren zatiaren erdialdean sartutako golarekin, 2-1 amaitu zen partida.

Berriz ere aldagelara. Dutxatu, aldatu eta autobusera. Beste bi ordu eta erdiko etxerako bidea. Partidak utzitako arantza atera asmoz, burua hurrengo partidan jarri eta igandean berriz ere irabazteko grinez bueltatuko gara Berazubira. Aupa Tolosa!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!