Aulkitik

Izugarrizko jokoa eta jarrera erakusten du taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Nahia Alkorta 2021eko azaroaren 10a

Aurreko asteburuko garaipenaren ondoren, gogo eta ilusio handiz ekin genion aste berri honi.

Partida honetan, hiru puntuak etxean geratzea ezinbestekoa zen, pausoz pauso sailkapenean gorantz joan ahal izateko. Irabazi beharreko partida zen asteburuan aurrean izango zen Mutilvera taldearen aurkakoa.

Azken hilabete hauek, izugarrizko jokoa eta jarrera erakutsi dugunaren adibide argiak izan dira, pixkana talde polit bat osatzen ari garelako eta atzetik egiten den lan gogorraren emaitzak zelaian azaleratzen direnaren eredu garbia delako talde hau.

Partidari helduz, lehenengo minututik Tolosako neskak baloiaren jabe izan ginen jokoaz disfrutatuz. Baloia sare artean sartzeko hainbat saiakeraren ostean, azkenean iritsi zen Loreren izugarrizko gola. Nahiz eta aurkariak ere beraien jokoari heldu eta hainbat aukera sorrarazi, ez zuten lortu markagailua mugitzea. Aldiz, guk gure lana egiten jarraitu genuen azken minutura arte eta egindako esfortzuak bere fruituak eman zituen, Ireneren golarekin markagailua itxiz. Partida bi eta hutsekoarekin bukatu zen, bi ahizpa golegileei esker. Hori da bikiek duten xarma, batak zerbait egin ostean, bestea ez da gutxiago izango ezta?

Datorren astean berriro ere Berazubin ikusiko dugu elkar, larunbatean, 16:30ean, Racing-en aurka. Pixkana eraikitzen ari den hau da bide egokia, jarraitu dezagun horrela neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!