Astea gogoz hasi genuen: azken bi partidetako emaitzak berdinketa izan direlarik, garaipen bat eskuratzeko gogoz eta ilusioz geunden. Aspaldiko partez autobusa hartu eta Gasteizera abiatu ginen. Hasiera batean eguraldia ez genuen lagun izan, baina autobusean kantatzen joan ondoren zerua ere argitu egin zen.
Aurrean genuen aurkaria Gasteizko Aurrera Vitoria taldea zen, aurkari zuzena eta gogorra. Denboraldi hasiera txukuna egiten ari den taldea, sailkapenari erreparatuz goialdean zegoena. Bagenekien partida gogorra izango zela, eta horri gehitu behar genion kopuruz jokalari gutxirekin geundela, lesioak gogor ari baitira jotzen taldean (animo lesionatu guztiei). Gasteizera iritsi orduko abisatu ziguten, epailea bakarrik egongo zela eta ez zela marrazainik egongo. Horrek bai amorrua: ziur gaude gizonezko partidetan ez dela horrelakorik gertatzen.
Arazo guztiak alde batera utziz, partidari gogor ekin genion, bakoitzak barruan zuen guztia atera eta gure jokoa egiten hasi ginen. Baloiaren jabetza edukitzea ere lortu genuen, baina argi geneukan garrantzitsua gola sartzea zela. Eta hala lortu genuen: atsedenaldira joan baino minutu gutxi batzuk lehenago, Lorek partida guztian egon zen gol bakarra sartu zuen. Taldearen jokaldi txukun bat eta gero, amaiera ezin hobea eman zion jokaldiari. Bigarren zatiko helburua argi zegoen, markagailua alde mantentzea eta, bide batez, hiru puntuak etxera ekartzea. Gogor lan egin ondoren eta bakoitzak bere harrotasuna atera ondoren, hiru puntuak etxera ekarri genituen.
Hau da jarraitu beharreko bidea. Ikusi dugu lana eginda emaitzak iritsiko direla, beraz, egurra eta animo neskak!
Hurrengo partida igande honetan, azaroaren 7an, jokatuko dugu, 16:30ean hasita Berazubin. Bertan elkar ikustea espero dugu.
Aupa Tolosa!