Aulkitik

Azkeneko dantza

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Cavero, Maddi Garikano, Leire Zubelzu eta Iraitz Garitano 2021ko eka. 24a, 11:25

Irudian, ezkerretik hasita: Sebas Osinalde, Imanol Cavero, Iraitz Garitano, Maddi Garikano eta Leire Zubelzu.

Aurreko urtea behar bezala bukatu gabe COVID-19a dela eta, zalantza askorekin hasi genuen denboraldi berria, txapelketaren antolaketa ezberdin batekin, datarik gabe eta birusak izango zuen eragin zuzenaren beldurrez.

Klubean igarotako urte guztien artean zailena izango zenaren itxura hartzen genion, eta lana gogor egin beharko genuen. Sei talde jaisten ziren eta argi zegoen Tolosako nesken lehenengo taldearen maila Nazional liga zela.

Udara berezi baten ondoren eta buru-belarri denboraldi-aurrea prestatuta, neskak indartsu etorri ziren. Ilusioa eta aurreko urtekoa hobetzeko gogoa zegoen.

Birusa nahikoa ez eta Antxonen kargugabetzearen berri izan genuen, guretzat oztoporik handiena, helburuetatik aldendu gintuena. Amesgaizto bat. Talde hau kategorian mantentzea zen berari eskaintzeko genuena eta hala ere beti egongo gara zorretan. Eskerrik asko gure ahotsa izateagatik, aukera hau emateagatik.

Oraindik ulertu ezin ditugun erabaki askoren ondoren eta une gogor askoren ondoren, gure azkeneko urtea izango zela erabaki genuen, staff honen azkeneko urtea. Neskak eta gu, kanpoko guztia aldendu eta lanean jarraitu. Kanpotik ikusita zoragarria izan da nola egin duzuen lan, nola defendatu duzuen taldea zelai guztietatik zehar neskak. Txalotzekoa jarrera eta konpromisoa. Berazubi zuentzat handia zela askoren hitzetan… Lana eginez dena da posible eta argi ikusi da.

Eskerrik asko bizipen guztiengatik, bizitzaren zati handi bat izateagatik. Eskerrik asko Imanol Moyano, beti gertu, beti lanerako prest, Tolosaren oinarri guztiak landu dituzu eta sariak zureak dira. Eskerrik asko berriz ere Antxon... Eskerrik asko Sebas, Tolosa zara, faltan izango zaitugu... Nerea eta Eider, zuena bai dela txalotzekoa, zuekin eta zuen jokalariekin taldea indartzeagatik, saria zuena ere bada, eta eskerrik asko Javi, kategoriko mailarik handiena ezartzeagatik gure ateak babesten.

Eskerrik asko Tolosa urte guzti hauengatik, gertu izango gara, gure bihotzaren zati bat beti izango da zuena. Zorterik onena opa dizuegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!