Aulkitik

Pauso bat gehiago mailari eusteko

Erabiltzailearen aurpegia ZuriƱe Iglesias 2021ko mai. 6a, 10:55

7-0. Bai, ondo irakurri duzu, zazpi eta huts irabazi genuen. Noiz irabazi genuen azkenekoz hainbesteko aldearekin? Uste dut Euskal Ligan ere ez genuela horrelako emaitzarik lortu; baten batean gertu ibiliko ginen, urte onak egin genituelako, baina ez, horrelakorik ez. Berazubi izango da? Taldeak egindako lana? Epaileengatik? Ala Iurre Tabernako kafearen txuteagatik? Bakoitzak egin dezala apustu.

Partida hasi baino lehen, beroketan geundela, inork espero ez zuenean, Maria Herrero agertu zen. Ez dakizuenentzat, Mariak gurekin hasi zuen denboraldia, baina Gabonetan AEBetara itzuli zen ikastera. Bada, bat-batean, isil-isilik Berazubin azaldu zen taldea animatzeko prest. Ostegun gauean Madrilera iritsi zen eta jada larunbatean gurekin zegoen. Behar bada Maria hor zegoelako irabazi genuen. Nork daki. Ongi etorri Maria, berriro ere.

Partidari buruz ezer gutxi. Irabazi beharreko partida zen, izan ere, CD Itaroa Uharte azken postuan zegoen, ia aukerarik gabe mailari eusteko. Partida ezin hobea izan zen konfiantza hartzeko eta, behintzat, bi aste gehiago jaitsierako postuetatik kanpo egoteko. Balizko hiru puntu dira. Taldeak dena eman zuen. Bestela, galdetu iezaiozue Gariri (Ainhoa Garikanori), bi gol sartu zituen, horietako batean lurrera bota zelarik plantxan buruz errematatzeko. Hori bai dela dena ematea. Gainera, partidaz hitz egiteko 28 Kanala-ko kameren aurrean jartzeko erregutu zion Imanolek (entrenatzaileak), MVPa izan zela eta. Badakizu Gari, MVPa izatearen arriskuak.

Hurrengo astean UD Logroñesen aurka jokatuko dugu, 11:30ean, Berazubin. Joaneko partidan, sentsazio gazi-gozoz bueltatu ginen, bana berdindu genuen, azken minutuetan sartu zigutelarik berdinketaren gola. Ea sentsazio horri eutsiz, partida gogo onez hartzen dugun.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuet 28 Kanala-ri eta TOLOSALDEKO ATARIA-ri, espazioa, ahotsa eta ikusgarritasuna eskaintzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!