Aulkitik

Aurrera begira baloratuko dugun puntua

Erabiltzailearen aurpegia Maria Martija 2021eko apirilaren 8a

Larunbata egun berezia zen. Urduritasuna nabari zen gure artean bai partidarengatik, bai eta Kopako finalarengatik ere.

16:30ean genuen Atletico Revelinen kontrako partida eta beti bezala 15:00etan geratu ginen partida aurreko kafea hartzeko.

Lehenengo zatiari ekin genion eta hasi bezain pronto markagailuan aurretik jarri ziren, baina guk aurrera jarraitu eta minutu gutxira Eiderren golari esker berdinketa lortu genuen.

Gol gehiagoren beharra genuen eta lehenengo zatia amaitu baino lehen Intzaren gola iritsi zen, maila honetan bere lehenengo gola. Askoren lehena! Atsedenaldira 2-1ekoarekin joan ginen.

Bigarren zatia lehenengo zatiaren nahiko antzekoa izan zen, aukera gehiago izan genituen baino ez genuen aukera horiek aprobetxatzen jakin. Nahiz eta partida guztian zehar baloiaren jabetza izan, azkeneko minutuetan beraien gola iritsi zen. Beraz, partida berdinketarekin amaitu zen.

Hemendik aurrerako partida guztiak oso garrantzitsuak dira eta ahalik eta puntu gehien lortzea garrantzitsua da. Beraz, larunbatean nahiz eta hiru puntuak merezi, lortutako puntua oso garrantzitsua da eta aurrera begira baloratuko duguna. Azken bost partidak galdu gabe goaz eta horrek indarra eta motibazio handia ematen digu.

Aste honetan Mulier dugu aurkari, ez dugu lehengo urteko partidaren oroitzapen onik, baina ziur nago orain arte bezala jarraituz gero hiru puntuak etxera ekarriko ditugula!

Aupa Tolosa trakatra!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!