Aulkitik

Kalitatezko jauzia

Erabiltzailearen aurpegia Ainhitze Aranalde 2021eko martxoaren 25a

Bolada onari jarraipena emateko gogoz eta astebete deskantsatu ondoren gogo handiz ekin genion lehen faseko azken partida prestatzeari.

Badira jada aste dezente entrenamenduetako sentsazioak onak direla, eta horrek azken partidetako emaitza onekin batera lanean jarraitzera motibatzen gaitu.

Aste honetan aurrean genuen aurkaria ez zen edonolakoa hala ere. Añorgaren aurka jolasten genuen, momentu hartan bigarren postuan zegoena, baina argi genuen inork baino gehiago behar genituela hiru puntuak eta ezin ginela uzkurtu.

Partidan sufritzea tokatu beharko zitzaigula bagenekien, baina prest geunden horretarako ere. Gogor hasi ziren beraiek, baina hala ere, lehenengo zatiko hamargarren minutuan kontraeraso ezin hobe batekin Ainarak bat eta hutsekoa lortu zuen. Nahiz eta beraiek partida berdintzeko aukerak izan, taldeak defentsan lan izugarria egin zuen eta markagailua ez zen lehen zatian ipinitako bat eta hutsekotik mugitu.

Garaipen honekin lehen fasea jaitsiera postuetatik kanpo amaitu dugu, baina hala ere orain jaitsiera fasea jokatzea tokatzen zaigu. Momentu onean gaude eta ahalik eta gehien luzatzen saiatuko gara gure helburua lortu ahal izateko, 1. Nazional Mailan gutxienez beste urtebetez mantentzea. Gogor neskak, lortuko dugu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!