Aulkitik

Bi astez jarraian

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Diez 2021eko martxoaren 10a

Aurreko asteetako sentsazioekin jarraitu nahian eta pasa den larunbatean lortutako emaitza positiboei eusteko irrikan, oraingo honetan Oiartzun KE izan dugu aurkari.

Partidu bakoitzean sufriarazten gaituen taldea bada ere, hiru puntuak lortzeko beharra eta irrika genuela argi genuen. Hainbat aste gogoz, ilusioz eta intentsitatez entrenatzen gabiltza, eta badirudi, emaitzak iristen ari direla.

Partidari dagokionez, gola ez zen azken minutura arte iritsi, izan ere, Lore, azken asteburuan bezala (Aurrera de Vitoriaren aurka), taldeari garaipena emateko iritsi zen.

Defentsan gauzak garbi eta erraz egitea lortu genuen eta erasoan edozein aukera borrokatzeko irrika eta indarra erakutsi genuen jokaldi bakoitzean. Momentu batzuetan gure aurkariarengatik estututa sentitu baginen ere, oso ondo mantendu ginen. Nahiz eta goleko garaipena azken minutuetan iritsi, taldea partidan zehar eroso egon zela iruditu zitzaidan.

Hala ere, berdinketa nahikoa ez genuela argi genuen eta bigarren zatian gola sartu behar genuela argi geneukan. Gure atea hutsean mantendu ostean, gol bakarra nahikoa izan zen hainbeste denboraz borrokatu genituen 3 puntu horiek etxera eramateko.

Azken minutuan sartutako golak, izugarrizko emozio eta sentsazioak sorrarazi zizkigun eta gutxinaka kontziente izaten ari gara, lan gogorraren atzean, batzuetan asko itxaron behar den arren... emaitzak iristen dira!

Amaitzeko, goraipatu beharra dago taldeak uneoro erakusten duen jarrera eta anbizioa, bai azken aste hauetan entrenatzeko konstantziarengatik, baita bidean topatzen ditugun koxkei jauzi egiteko indarragatik.

Aupa Tolosako neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!