Aulkitik

Oztopo guztien gainetik

Erabiltzailearen aurpegia Patricia Larrarte 2021eko martxoaren 5a

Aste honetan oso argi genuen taldean lan egiten jarraitu behar genuela, beste guztietan bezala, gure helburu nagusia lortzeko: hiru puntuak.

Astero bezala, gauzak ondo egiteko konpromisoa hartu genuen, guregan eta talde honek guztiontzat duen garrantzian pentsatuz. Eta horrela, denon artean prestatu genuen larunbateko partida, beti ere helburua eta jokoan zegoen guztia kontuan izanda.

Larunbata iritsi eta urduritasunak eta gogoak autobusa bete zuten. Gasteizera janariz beterik joan ginen: bizkotxoak, tortillak, pastak, ogitartekoak… eta partidaren ondoren guztia hiru puntuekin batera jatea espero genuen.

Norgehiagoka hasi zen eta, egia esan, ez zuen itxura ona, bi gol sartu zizkiguten lehen zatian, eta gol bat sartzeko aukera izan genuen arren, gure markagailuak zeroan jarraitzen zuen atsedenaldira iristean. Baina gure taldeak borrokan jarraitu zuen eta bigarren zatian eskuratzeko hain zailak diren hiru gol sartzea lortu genuen. Helenek sartu zituen lehenengo biak eta Lorek partida bukatzear zegoenean garaipena emango zigun hirugarren gola sartu zuen. Partida amaitu zen, eta Maddik berehala hartu zuen mugikorra, egun horretan falta zirenei deitu eta gurekin ospatu ahal izateko.

Orain denok batera lan egitea dagokigu, helburuak lortzeko eta talde gisa hazteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!