Aulkitik

Garrantzi handiko partida irabazi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Helene Arruebarrena 2021eko urtarrilaren 20a

Aurreko larunbatean Arratiaren aurka jokatu genuen Berazubin. Bagenekien garrantzi handiko partida izango zela, haien eta gure egoera antzekoa zela ikusita, eta hiru puntuak bai ala bai lortu behar genituela jakinda.

Astean zehar oso ongi entrenatu genuen eta gure artean nabaria zen gogotsu eta motibatuta geundela partida jokatu eta aurrera ateratzeko.

Partidari dagokionez, 2-1 irabaztea lortu genuen. Lehenengo zatian Ainhoa Bengoetxeak ireki zuen markagailua eta segidan Maria Martijak sartu zuen gure bigarren gola. Horrela, atsedenaldira 2-0 irabazten joatea lortu genuen.

Atsedenaldian entrenatzaileek hainbat zuzenketa egin ondoren bigarren zatiaren bila abiatu ginen, baina zoritxarrez aurkariek haien lehen gola sartzea lortu zuten hasi eta berehala. Gu ez ginen behera jaitsi eta aurrera jarraitu genuen borrokatzen.

Partida amaieran hainbat aukera izan genituen baino ezin izan genuen baloia euren atean sartu. Zorionez, aurten lehenengo aldiz geure etxean irabaztea lortu genuen.

Partida bukatu eta berehala Sebasen pastelak jan genituen, eta oso onak zeuden. Mila esker Sebas zure detaile polit horrengatik, asko disfrutatu genuen.

Hurrengo asteburuan atsedena dugu eta beraz, ez dugu partidarik jokatuko, baina prest gaude hemendik bi astera San Ignazio talde indartsuari aurre egin eta irabazteko!

Animo ebakuntza egin berri dioten bi jokalari zoragarriei, Izaro eta Lorena, alegia. Ziur nago segituan gure artean izango zaretela berriro!

Animo baita ere lesionatu guztiei, ea laster bueltan zareten!

Bestalde, Maria Herrerori eskerrak ematea gustatuko litzaidake, plazerra izan da zu ezagutu izana eta zurekin zelaia partekatu izana! Asko sumatuko dugu zure hutsunea eta izugarri botako zaitugu faltan!

Besterik gabe, aupa Tolosa eta aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!