Aulkitik

Urte hobe baten aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aldalur Otamendi 2021eko urtarrilaren 14a

Urte zaharra amestutako garaipen batekin agurtu ostean, urte berriari behar bezalako harrera egiteko gogotsu geunden. Gabonak alde batera utzi eta elur zein hotzak hizpide izan diren entrenamenduei ekin genien.

Norgehiagoken bigarren birari hasiera emateko, aste honetan Reala genuen zuzeneko aurkaria, Zubietako zelaian. Bagenekien ez zela partida erraza izango, Reala gure ligan buru doan taldea baita. Hala ere, guk, tolosarrok, horrelako aurkarien parean gure nortasuna zein den eta egunez egun aberasten doan talde hau, goazen tokira goazela zer egiteko gai garen erakustea dugu helburutzat, izan zelai barnean zein kanpoan.

Partidari dagokionez, ezin izan genituen 3 puntuak Tolosara ekarri. Lehen zatian markagailuan ez zen aldaketarik izan, taldea oso sendo eta indartsu atera zen eta aurkariak ez zuen aukera garbirik izan. Aldiz, bigarren zatian gauzak ez ziren uste bezain ondo joan eta nahiz eta ahaleginak egin, azkenean garaipena Zubietan geratu zen.

Orain asteburuan dugu begirada, Arratia aurkari dugun norgehiagokan hain zuzen ere. Inoiz baino gogotsuago eta indartsuago gaude partida honetan tolosarrok zer egiteko gai garen erakusteko, eta oraingo honetan bai, 3 puntuak etxera ekartzeko.

Amaitzeko, aste honetan lehen aldiz gurekin partidua jokatu duen Intzari, orain bai ofizialki, ongi etorri! Bestalde, gure taldekide diren Izaro eta Lorenak belauneko lesioa dela eta, aste gogorra dute aurretik, beraz talde osoaren partetik indar eta babes osoa bidaltzen dizkizuegu. Aupa neskak, zuekin gaude!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!