Aulkitik

Taldeaz harro

Erabiltzailearen aurpegia Irene Etxaburua 2020ko abenduaren 23a

Asteroko legez, astea gogoz eta ilusioz hasi genuen. Orain arteko emaitzak ez ziren onak izan, baina ilusioa eta lanean jarraitzeko gogoa ez digu ezerk kentzen. Parean genuen aurkaria Donostiako Añorga zen, hainbeste urtez gure aurkari zuzena izan dena. 

Aspaldiko partez kotxeak hartu eta partidurantz abiatu ginen. Urteko azken partida zen, eta garaipena beharrezkoa genuen, Gabonetako atsedenaldira sentsazio onekin joateko, baina batez ere egindako lanak saria zuela ikusteko. Nahiz eta beraiek dena alde izan jokoan zeuden 3 puntuak eramateko, aurreko bi asteetako zapore txarra kendu eta lehen itzulia sentsazio onekin amaitzeko grina ezin zigun ezerk ez inork kendu. 

Harmailak itxita egon arren, gerturatutako zaleen babesa ezinbestekoa izan zen. Partida galtzen hasi arren, atsedenaldira 1-1 joatea lortu genuen, Maria Herreroren golari esker. Atsedenaldian indarrak hartu, elkar animatu eta bigarren zatirako prestatu ginen. Intentsitate handiz jolastu genuen eta irabazten jarri ginen 1-3, Eneritz Itsaso eta Maria Martijaren golei esker. Partida bukatzear zegoela donostiarren gola iritsi zen. Azken minutuak sufrimendu askokoak izan ziren, baina taldeak bukaerara arte lan ona egin zuen. Azkenean iritsi zen hainbeste merezi genuen garaipena, lan onaren seinale!

Orain deskantsatu, indar berritu eta lanean jarraitzea tokatzen zaigu. Itzuli guztia daukagu orain arte galdutako puntuak berreskuratzeko! Hau da bidea neskak!

Eguberri on guztioi, eta animo lesionatuei, geroz eta gutxiago geratzen zaizue zelaira itzultzeko. Taldea zuen zain dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!